Jasoko langileek dosierra ez onartzeko eskatu diote lan ordezkaritzari

Zuzendaritzarekin gelditzekoak dira gaur goizean, baina akordioa lortuko ote duten zalantzak dituzte

AIZPEA AMAS DONOSTIA
2008ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Gruas Jasoko langileek ez dute amore ematen, eta atzo EAEko Lan eta Gizarte Segurantzako Ordezkaritzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. Enpresak aurkeztutako enplegua erregulatzeko dosierra ez onartzeko eskatu zioten ordezkaritzari, berak erabakiko baitu hura onartu ala ez. Gainera, bitartekari lana ere egiteko eskatu zioten. Guztira, 150 langile bildu ziren.

Urriaren 14an eman zion zuzendaritzak dosier horren berri enpresa batzordeari. Horren arabera, Idiazabalgo lantegitik 32 langile kaleratzeko asmoa agertu zuen enpresak, eta Olaberriako lantegitik, berriz, 16. Oraindik, proposamena baino ez da, eta zuzendaritza eta enpresa batzordea negoziaketetan ari dira.

Orain artean, bilera bakarra egin dute, eta ez dute inongo adostasunik lortu. Enpresa batzordea kexu da zuzendaritzak ez duelako proposamen zehatzik egiten, baina negoziatzeko prest dago. Asier Urrestarazu enpresa batzordeko kidearen arabera, «legeak esaten duen minimoa, eta hortaz aparte diru pixka bat» baino ez du eskaini enpresak. Gaur, ordea, beste bilera bat egingo dute: 08:00etan Olaberriako batzordekidekin, eta 10:00etan Idiazabalgo batzordekideekin. Hala ere, «zalantzak» dituzte adostasunen bat lortuko ote duten ala ez.

Protesta gehiago

Bileran akordiorik lortu ezean datozen egunetan protestak egingo dituzte beharginek: azoka eguna dela aprobetxatuz, Ordizian elkarretaratzea egingo dute gaur. Ostegunean, bi lantegietako langileak lehenengo aldiz elkartuko dira egoera aztertzeko, eta ostiralean, berriz ere manifestazioa egingo dute Beasaingo geltokitik Ordiziako plazara, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.