Jaurlaritza: «Ez ditugu babestuko; ez dira irtenbidea»

Lopezek dio Raxoik «huts egin» duela, eta uste du neurriek «ahulenen arazoa» areagotuko dutela

Erredakzioa
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Ez dira krisiaren irtenbidea. Bidegabeak dira. Ahulenen arazoa areagotzen dute». Hala mintzatu zen atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Espainiako Gobernuak iragarri berri dituen neurrien inguruan. Neurrion aurka «irmo» agertu zen, eta ziurtatu zuen Jaurlaritzak ez dituela babestuko. «Diagnosian eta irtenbidean huts egin du Raxoik».

Lopezen arabera, Raxoiren gobernuaren zerrenda horretan ez dago krisitik irteteko baliagarria izango den neurri bat ere, ezta ekonomia suspertzeko eta atzeraldi ekonomikotik irteteko neurririk ere. «Esaten ari direnaren aurka, krisia finantza sektorearena eta ekonomiarena da, eta ez sektore publikoarena». Lopezek ustetan, «batzuek» porrotera eraman dituzten fi-nantza erakundeen erreskatea herritarrek ordaindu beharko dute, «oso garesti». Krisiaren erantzuleek «izen-abizenak» dituztela azaldu du; izen eta abizenik aipatu gabe, ordea. Horrekin batera, salatu du neurriak hartzerakoan gobernuak ez duela berdintasun printzipioa errespetatu: funtzionarioak, langabeak, merkatariak eta kontsumitzaileak dira kaltetuenak, haren iritziz.

Ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko baliabide gehiago eskaintzen dituzten neurriak hartzea beharrezkotzat jo du Lopezek. Tartean aipatu ditu iruzurraren aurkako neurriak eta aberastasun handienak dituztenei zergak igotzea.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrean autogobernuaren aldeko proposamen bat bozkatu zutela, gizarte politikako murrizketen kontrakoa. Beraz, egoerari aurre egiteko Jaurlaritzak «sostengu osoa» duela uste du.

Atzo Espainiako Gobernuak erkidegoen defizitaren inguruan hartutako erabakia ere hizpide izan du Mendiak —%1,1 izan beharrean, %0,7ko defizita izan beharko du 2013an, eta %0,1ekoa 2014an—. Mendiak dio Jaurlaritzak «arduratsu» jokatuko duela eta Europak zehaztutako defizit helburuak betetzeko lan egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.