Espainiako Gobernuak gaurko bileran onartu du 16.000 milioi euroren funts berezi bat sortzea COVID-19ak egin dituen kalteei aurre egiteko. Dirua «behar handia duten erkidegoetara» iritsiko dela ziurtatu du Maria Jesus Montero gobernu horretako bozeramaileak, baina ez du kopururik eman. «Erkidego guztiak entzun ondoren» sortu duela ziurtatu du Monterok, baina Jaurlaritzako Ogasun Sailak erantzun dio ez dela izan halakorik.
Agiri baten bidez, Jaurlaritzak aldarrikatu du Espainiako Gobernuak berarekin negoziatu behar duela dirua nola banatu, eta, kasu honetan, «aldebakarreko planteamendu bat» egin duela.
Horregatik, Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoa premiaz biltzeko eskatu du, uste baitu Madrilek kupoa zehazteko metodologiari buruzko legearen «urraketa nabarmena» bideratu behar dela.
COVID-19 Funtsa aurrekontu izaera duen ezohiko funtsa dela gogorarazi du Jaurlaritzak, eta horrelakoak berarekin negoziatu behar duela dio Kupoaren Legearen 11.4 artikuluak, «hitzez hitz».
Gainera, Gasteizko gobernua ez dago ados Madrilek foru erkidegoak funts horren atal batetik baztertu izanarekin.