Argindar sarea erabiltzeagatik tarifa handiagoak ordaindu dituzte hiru lurraldeetako industriek Espainiako eskualde gehienetakoekin alderatuta. Alde hori txikitu zen Eusko Jaurlaritzak 2013an Espainiako Gobernuarekin lortu zuen akordio baten eskutik, eta 2018rako aldea ezabatzea hitzartu dute aurten EAJk eta Madrilgo gobernuak, alderdi jeltzaleak 2017ko aurrekontuei babesa ematearen truke. Zehazki, 1.250 enpresek tarifa txikiagoa ordainduko dute urtarriletik aurrera, eta horietatik 800 daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Akordio horrek kritika handiak eragin ditu erkidego batzuetan, haien enpresak baztertzen dituelakoan. Kataluniako arartekoak, Sindid de Greuges izenekoa, ez da kritika hutsean geratu, eta auzia Europako Batzordearen aurrean salatu du, enpresen aldeko legez kanpoko laguntza izan daitekeela uste duelako. Europa Pressek azaldu duenez, Kataluniako enpresek eskatuta jo du Sindic de Greugesek Bruselara.
Jaurlaritzak oso gaizki hartu du salaketa, eta Generalitatea egin du arduradun. "Akordioak ez du inor kaltetzen, nahiz eta batzuek transmititu duten euskal industriaren aldeko neurri bat dela; okerra da hori", ziurtatu du Javier Zarraonaindia Industria sailburuordeak, gaur goizean, Radio Euskadin. Haren arabera, bertako enpresak ziren baztertutakoak, eta PPren gobernuarekin lortutako akordioak diskriminazio hori zuzentzea besterik ez du ekarri. "Gainkostua 100 milioi eurokoa zen euskal industriarentzat", azaldu duenez.
EAJk lortutako itunaren aurka egin beharrean, "Generalitateak Kataluniako industriaren interesak defendatu beharko lituzke, eta euskal industriarenak kaltetzeari utzi".