Diru lortzeko arazoetatik, dirua bueltatzeko zailtasunetara. Eusko Jaurlaritza, ICO Espainiako Kreditu Institutu Ofiziala eta Elkargi elkarrekiko berme elkartea negoziatzen ari dira. Helburua: enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek maileguak behar baino beranduago ordaintzea.
Elkargiko arduradunek goizean egin zuten eskaera —ez da lehen aldia—, elkarrekiko berme elkartearen batzar nagusiaren aurretik, Donostian. Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak arratsaldean bertan erantzun zien baietz, Elkargiren batzar nagusiaren osteko enpresa topaketan: «Ez da geratuko proiektu bideragarririk dirurik gabe».
Eusko Jaurlaritzak 2009an 500 milioi euro bideratu zituen enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei maileguak emateko. Arindu egin nahi zituen enpresa bideragarriek zituzten likidezia arazoak eta maileguak lortzeko zailtasunak. Enpresaren eguneroko jarduerari eusteko diru premiak. Bi mila enpresa txiki eta ertain baino gehiagok jaso dituzte maileguak eta gehienek datorren urtean itzuli behar dute dirua.
Guztiek ez dituzte arazoak
Jaurlaritzak hitzez esan du baietz, baina oraindik ez dago erakundeen arteko akordioa. Jesus Alberdi Elkargiko kontseilari ordezkariak zehaztu zuen mailegua jaso duten enpresa guztiek ez dituztela arazoak dirua bueltatzeko, baina hala ere Elkargik zorra kitatzeko epea luzatu nahi duela.
Elkargiren argudioa da bat egingo dutela maileguen ordainketak eta enpresen diru premiaren hazkundeak, «enpresen jarduera hazten ari baita». Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresentzat maileguak garestiagoak izango direla Europako lehiakideentzat baino, Espainiaren arazoen ondorioz.
Zorraren ordainketa atzeratzeaz gain, Elkargik diru gehiago eskatu du enpresa txiki eta ertainentzat. Laguntzak enpresa horietan zentratzea nahi du, enpresei egoera berrira egokitzen laguntzeko eta nazioartera zabaltzea errazteko. Gogoratu du enpresen %95 direla, eta bost lanpostutik lau dituztela.
Elkargik 358,2 milioi euroren bermeak eman zituen iaz, 2009an baino %45 gutxiago. Jaurlaritzak zirkulantea finantzatzeko emandako laguntzak kenduta, %15,8 jaitsi dira. Berankortasuna %0,71tik %1,19ra igo da.
Jaurlaritza prest dago enpresek maileguen ordainketa atzeratzeko
Enpresek 2012an itzuli behar dute Jaurlaritzak bideratutako dirua, eta Elkargik ordainketen «luzapena» eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu