Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bete egin dute Espainiako Gobernuak finkatutako defizitaren muga. Jaurlaritzak EAEko barne produktu gordinaren %1,39ko defizita izan du, eta %1,34koa Nafarroak. 2011n %2,56ko defizita izan zuen Jaurlaritzak, eta %1,99koa Nafarroak.
Oro har, erkidegoek %1,73ko defizita izan zuten, 2011ko %3,31koaren azpitik, baina %1,5eko mugaren gainetik. Sei erkidegok gainditu dituzte: Valentziak (%3,45), Murtziak (%3,02), Andaluziak (%2,02), Kataluniak (%1,96), Balear Uharteek (%1,83) eta Gaztela-Mantxak (%1,53)
Montorok herritarren, enpresen eta administrazioen "ahalegin izugarria" nabarmendu du, eta Europako beste ezein herrialdek ez duela hainbeste txikitu gaineratu du. Ministroak bereziki aipatu du erkidegoek beren defizita ia erdira jaitsi dutela, 2011ko %3,31tik 2012ko %1,73ra. "Batzuek ezinezkoa izango zela zioten", esan du, eta duela bi urteko desbideraketak sistema autonomikoaren bideragarritasuna auzitan jarri zituztenak kritikatu ditu, berak erkidegoen aurkako giro horren sorreran izan zuen erantzukizuna ahaztuta.
Muga bete ez dutenak zigortuko ote dituzten galderari iskin egin dio ministroak, baina nabarmendu du ez dituztela erkidegoak gehiago estutuko: "2013an ez da neurri berririk egin beharko. Erkidego gehienen aurrekontuek bete egiten dituzte helburuak". Bete ez dituztenen artean dago Katalunia, eta aurten %0,7ko defizitera iristea ezinezkoa dela dioenez, muga hori igotzea eskatu dio Madrili. Maiatzean, datu ofizialak daudenean, baliteke Bruselak Espainiari aurtengo defizitaren muga igotzea, eta agian ordura arte jakin beharko da erkidegoekin ere malgutasuna erakutsiko ote duen. Iaz, ez zuen izan, eta beretzat gorde zuen Bruselak emandako tartea, %5,3tik %6,3ra. Gaur, ordea, defizit osagarri horren banaketa egin behar delako aipatu du Montorok.
Oro har, Espainiako Erresumak %9,99ko defizita izan zuela ziurtatu du Montorok, Europako Batzordeak joan den astean iragarritako %10,2aren azpitik. Defizit horietatik 3,2 puntu dagozkio bankuen erreskateari. Hori gabe, %6,74ko defizita izan zuen, eta horixe da Ogasun ministroak nabarmendu nahi duen datua. Defizit horren zatirik handiena administrazio zentralari dagokio (%3,83). Gizarte Segurantzak %0,96ko defizita izan du, bi arrazoi nagusi direla eta: langabeziaren handitzeak ehunka mila langilek ez kotizatzea ekarri du eta, gainera, langabezia sarietara bideratutako gastua handitu du. Udalek eta tokiko beste erakundeek (diputazioek) %0,2ko defizita pilatu dute (%0,3ko muga zuten).
Kopuru osoetan, 70.822 milioi euroren zuloa izan zuten administrazioek.