Autoak erosteko laguntza publikoen ondoren, leihoak eta etxetresnak berritzeko laguntzak jarri ditu indarrean Eusko Jaurlaritzak, EEE Energiaren Euskal Erakundearen bitartez. Bihartik aurrera, 1.500 eurorainoko laguntza publikoa jasoko dute beren leiho zaharrak aldatu eta energia kontsumoa jaisten duten leiho berriak erosiko dituztenek. Kontsumo txikiko etxetresnen erosketa ere lagunduko du EEEk, gehienez 130 eurorekin.
Iñigo Ansola EEEko zuzendariak azaldu duenez, 2,5 milioi jarriko dituzte leihoak berritzeko eta beste hainbat etxetresnak ordezkatzeko. Uztailaren 1eko goizetik zortzietatik aurrera erositako produktuek jasoko dute laguntza, azaroaren 30era arte edo dirua bukatu arte. Ansolaren arabera, laguntza publikoen bitartez energia kontsumoa aurreztu nahi dute, eta, aldi berean, bultzada ekonomikoa eman leihoen eta etxetresnen sektoreei.
Leihoak berritzeko planari dagokionez, isolamendu termiko handiko leihoek jasoko dute laguntza. Leihoak erostearen eta jartzearen kostuaren %25 hartuko du bere gain EEEk, baina gehienez 1.500 euro etxe bakoitzeko. Ansolak kalkulatu duenez, 2.000 leihoren aldaketa finantzatu ahal izango dute diru horrekin.
2.000 etxetresna
Etxetresnen kasuan, 2.000 ordezkapen finantzatuko dituztela aurreratu du Ansolak. Aparailu berrien %25 jarriko du Jaularitzak, baina gehienez 130 euroren laguntza publikoa jasoko du tresna bakoitzak. A+++ mailako hozkailuek, izozkailuek, ontzi garbigailuek eta lehorgailuek 130 euro izango dituzte gehien jota, eta ehun eurokoa A++ eta A+ mailakoek.
Laguntzak ontzat jo ditu ACEPV Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxetresna saltzaileen federazioko presidenteak, Jon Saenzek. Azaldu duenez, gain behera doan sektore bat da berea, 2010az geroztik denden %52 desagertu egin baitira. 400 saltoki geratzen dira orain. 2018a eta 2019a urte txukunak izan dira, salmentak %5 handitzea lortu eta krisi aurreko mailara itzuli direlako. Itxialdia amaituta, eskariak asko handitu dira.