Jaurlaritzak 20 milioi emango ditu Renove laguntzetan

Urkulluk eragile sozioekonomikoei esan die enplegu erregulazioan dauden langileen soldatak «osatzea» aztertzen ari dela bere gobernua.

Iñigo Urkullu hiru ahaldun nagusiekin hizketan, Mahai Sozioekonomikoa bildu auretik. JON RODRIGUEZ BILBAO (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 27a
15:10
Entzun

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 20 milioi euroko Renove programa batzuk martxan jarriko dituela, familien eta enpresen kontsumoa bultzatzeko.

Zehazki, honako laguntza hauek iragarri ditu: 2,5 milioi euroko plan bat etxetresna elektrikoak berritzeko, eta beste bat leihoentzat, diru kopuru berekoa. Ibilgailua aldatzeko beste bat ere iragarri du, 5 milioi eurokoa, zeina COVID-19aren krisiaren aurretik martxan jarritakoari batuko zaion —beraz, 10 milioi guztira—. Horiekin batera, oro har industriarako eta makina-erreminta berritzeko beste programa bat abiatuko du, 5 milioi eurokoa hori ere. Diru kopuru totalaz gain, Jaurlaritzak ez du bestelako zehaztasunik eman.

Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, kontsumoa eta inbertsioa sustatzea da Renove programaren helburua, «ekonomiaren eta enpleguaren dinamismoa bizirik mantentzeko». Horrez gain, eraginkortasun energetikoan aurrera egitea bultzatu nahi du, eta ibilgailuen parkea berritzea, CO2 isuriak gutxitzeko.

Diru laguntza horien berri eman du Iñigo Urkullu lehendakariak, EAEko Mahai Sozioekonomikoan, asteazken honetan. Mahaian daude gobernuko hainbat sailburu, hiru foru aldundiak, UGT eta CCOO sindikatuak, patronalak eta merkataritza ganberak, besteak beste. ELA eta LAB ez dira izan bileran, eta iragarri dute ez direla gehiago joango,«propagandistikoa» delako.

Zuzenean aipatu ez dituen arren, Urkulluk kritika egin dio bi sindikatu horien eta beste eragile batzuen jarrerari. «Egin behar dugun bidean, eragile batzuek konpromisoa hartu eta gurdiari tira egingo diote, eta beste batzuek, berriz, gurpiletan makilak jarriko dituzte. Euskal gizartea heldua eta jakintsua da, eta bakoitza bere lekuan jarriko du».

Bileran, Jaurlaritzak orain arte eginikoak azaldu ditu lehendakariak. Gogoratu du 1.550 milioi euroko funts bat sortu duela —bereziki maileguz osatutakoa— COVID-19ak kalte egin dien enpresak eta autonomoak laguntzeko, eta foru aldundiek zerga neurri batzuk aldatu dituztela, besteak beste, zerga horietako batzuen ordainketa atzeratzeko eta barkatzeko; horrekin batera, azpimarratu du martxan jarri dituztela bere gobernuaren laguntzekin osagarriak diren beste programa batzuk.

Horrez gain, Urkulluk iragarri du Jaurlaritzak diputazioekin batera zehaztuko dituela Enplegu eta Suspertze Ekonomikorako Programa berriaren ildo estrategikoak. «Estrategia errealista, sendo eta bateratu bat diseinatu nahi dugu, galdutako enplegua berreskuratzeko eta sendotzeko», azpimarratu du.

Lehendakariak aitortu duenez, egoera ez da erraza, «eta ez da erraza izango». Gogoratu du foru ogasunek %20 inguruko jaitsiera aurreikusi dutela aurtengo zerga bilketan, eta ohartarazi du horrek euren aurrekontuak berrikustera behartuko dituela Jaurlaritza eta gainerako instituzio guztiak.

Osagarri bat soldata apalentzat

Aldi baterako enplegu erregulazioez ere mintzatu da Urkullu. Adierazi du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu diola espediente horiek ekainaren 30etik aurrera luzatzeko aukera emateko, aldi baterako, eta sektoreen beharrak aintzat hartuz, eta tramitazioa «errazteko».

Era berean, adierazi du Jaurlaritza prest dagoela egoera horretan dauden eta soldata apala duten langileei osagarriak emateko, «Alemaniako ereduari jarraikiz». Horretarako, «beste aldeek» ere —Espainiako Gobernua eta enpresaburuak— konpromisoa hartu behar dutela uste du. Azpimarratu du Madrilek baduela horretarako aukera, Bruselak gisa horretako laguntzak finantzatzeko sortu duen funtsean —Sure izenekoan— parte hartuko duelako. Gaur egun, ordainsari horiek gehienez soldataren %70 dira, 1.412 euroko mugarekin, eta lanaldiarekiko proportzionalak dira.

Bileraren amaieran, CCOOk eta UGTk eskertu egin dute lehendakariaren proposamena, eta gogoratu dute Espainiako elkarrizketa sozialaren mahaian lanean ari direla gai horren inguruan, hango gobernuarekin eta patronalekin. Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak, berriz, adierazi du «motz» geratu direla Jaurlaritzak mailegu bidez enpresei eta autonomoei emandako laguntzak, eta horiek gehitzeko eskatu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.