Koronabirusaren krisiak kaltetutako sektoreei laguntza zuzenak emango dizkie Jaurlaritzak, irailetik aurrera. Helburu horrekin Espainiako Gobernuak emandako 218 milioi euroei beste 50 milioi batuko dizkie.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, laguntzak «finalistak» dira, hau da, helburu oso zehatz bat dute: COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondorioz ordaindu gabe geratutako fakturak pagatzea. Enpresek eta autonomoek hornitzaileekin dituzten zorrak pagatu beharko dira lehenik, eta bankuarekikoak ondoren.
Enpresa guztiek ezin izango dituzte laguntzak eskatu. Jaurlaritzak 173 sektore eta azpisektore hautatu ditu, pandemiak haien artean eragin kaltegarriagoa izan zuelako.
Uztailaren 5etik aurrera egin ahal izango dira eskaerak, lau astez. Azpiazuk lasaitasuna eskatu die enpresei eta autonomoei, den-denek eskaerak lehen unean egin nahi izanez gero sistema informatikoak pott egiteko aukera dagoelako. «Lau aste daude; bada denbora».
Jaurlaritzak abuztuan aztertuko ditu eskaerak, eta irailean hasiko da lehen diruak banatzen.
Laguntzak nahi dituzten enpresek zenbait baldintza bete beharko dituzte; horien artean, dibidendurik ez banatzea haien akziodunei 2021ean eta 2022an, eta haien zuzendaritzako kideen sariak ez igotzea.