Jaurlaritzak bi hilabetez luzatu du zuzeneko laguntzak eskatzeko epea

COVID-19ak zuzenean kalte egindako 35.000 enpresak eta autonomok zuten eskubidea laguntza hori eskatzeko, baina 3.946 eskaera baizik ez ditu jaso Jaurlaritzak.

Ostalaritzako enpresek laguntzak eska ditzakete. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 28a
10:54
Entzun

Oso erantzun motela izan du COVID-19ak kalte egindako enpresei eta autonomoei laguntza publikoak emateko deialdiak. Uztailaren 5ean zabaldu zen dirua eskatzeko epea, baina 3.946 eskaera baizik ez ditu jaso Eusko Jaurlaritzak. Espero zutenaren oso azpitik dago kopuru hori, Ekonomia Sailak kalkulatu baitzuen gutxienez 35.000 enpresak eta autonomok betetzen zituztela laguntza jasotzeko irizpideak.

COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondorioz ordaindu gabe geratutako fakturak pagatzeko erabili behar da dirua. Enpresek eta autonomoek hornitzaileekin dituzten zorrak pagatu beharko dira lehenik, eta bankuarekikoak ondoren.

Gauzak horrela, Gasteizko gobernuak erabaki du laguntzak eskatzeko epea zabaltzea. Uztailaren 30ean bukatzekoa zen, baina orain beste bi hilabete izango dituzte kaltetuek, irailaren 30era arte.

Hala ere, Jaurlaritzak ohartarazi du dirua lehenago amaitzen bada, eskaerak tramitatzeari utziko diola.

«Baldintza zailak»

Espainiako Gobernuak 218 milioi euro eman zizkion Jaurlaritzari enpresen eta autonomoen artean banatzeko. Kopuru horri beste 50 milioi euro gehitu zizkion Iñigo Urkulluren gobernuak. 173 jarduera ekonomikotan aritzen direnek eskuratu ditzakete.

Espainiako Gobernuak berak finkatu ditu laguntzak jasotzeko irizpideak. «Ez dira baldintza errazak», onartu du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, eta, horregatik, alda ditzala eskatuko dio Madrili. Diru laguntzak gutxienez diru sarreren %30 galdu dituzten enpresa txikiek eta autonomoek eskatu ahal izango dituzte, eta, asko jota, galdutakoaren %40 estali ahal izango dute hamar langiletik beherakoek, eta %20 estali ahalko dute hortik gorakoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.