Eusko Jaurlaritza bakarrik geratu da, eta nahi duena egingo du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 66.700 langile publikoei nahi dituen baldintzak ezarriko dizkie 2012rako. Aurten baino hobeak ez dira izango, langile publikoen gastuan ehun milioi euro aurreztu nahi baititu. Urtarrilean zehaztuko ditu lan baldintzak, dekretu batean. «Akordioa egiteko aukera galdu da, eta orain bidea libre dugu», onartu zuen Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo. Erabakia «ahalik eta azkarren» hartuko du. Ez du zehaztu jatorrizko proposamena bere horretan onartuko duten edo ez.
Jaurlaritza bakarrik geratu da, aurrena ELAk eta LABek utzi zutelako Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra, eta gero —herenegun— baita CCOOk eta UGTk ere. Mahaia hutsik eta negoziazioa hautsita, Jaurlaritzak eta sindikatuek elkarri leporatu diote porrotaren ardura.
Mendiaren esanetan, Jaurlaritzak «uste onez» jokatu du negoziazioetan; ELAk, LABek eta EILASek, ordea, kontrakoa leporatu diote. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, sindikatuekin negoziatzen ari zela eta haiekin ezer hitzartu aurretik, erabakiak hartu zituen abenduaren hasieran: gaixo dauden funtzionarioei soldata osoa ez ordaintzeko, zuzenketa bat onartu zuen 2012ko aurrekontuen proiektuan. Berez, hasieran, gaixoaldiaren ordainari buruzko proposamenak sortu zuen harrabotsa ikusita, atzera botan zuen. Baina geroago, azken orduan, berreskuratu, eta onartu egin zuen, PPren babesarekin.
Mendiak atzo nabarmendu zuen Jaurlaritzari 43,8 milioi euroko gastua eragiten diotela langileen gaixoaldiek, osagarria ordaindu behar baitu langileek soldata osoa kobratzeko.
Negoziazioen hasieran Jaurlaritzak sei proposamen egin zizkien sindikatuei: erretiro aurreratuei pizgarriak kentzea; errelebo kontratua kentzea; 65 urtetik aurrerako erretiroak debekatzea; gaixoaldietan soldata osoa ez ordaintzea; ahal dela ordezko langileak ez kontratatzea; eta lanbide karrerengatik ordainketak etetea.
Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren azken bilera herenegun egin zuten. Mendiak dio bertan aurkeztu zuten proposamena «oso orekatua» zela eta negoziazioak iraun duen bitartean proposamenak aldatu dituztela.
CCOOk arrazoia eman dio. UGTk ez. CCOOren arabera, berriz, zenbait neurri baztertu ditu, baina beste batzuk «onartezinak» dira: erretiro aurreratuei pizgarriak kentzea eta gaixoaldietako ordainak berrikustea. UGTren esanetan, Eusko Jaurlaritzak lehen baztertutako edo bigundutako neurri batzuk proposatu zituen berriro atzo.
Ardura eta arduragabekeria
Jaurlaritzak eta CCOOk bat egin dute puntu batean: negoziazioaren porrota ELAri eta LABi egotzi diote. «Arduragabekeriaz» jokatu dutela esan du Mendiak. Erantzukizunari muzin egin diotela CCOOk. Ez hori bakarrik. CCOOrentzat ELArena eta LABena da, «neurri handi batean», Jaurlaritzak hartuko dituen neurrien ardura. Langile publiko gehienak (%80) ordezkatzen dituzten arren, «ihes egin dutelako».
Unai Sordo Euskadiko CCOOren idazkari nagusiak hitz gogorrak izan zituen ELArentzat eta LABentzat. «Sindikalgintza bizkarroia» egiten dutela esan zuen: «Espero zuten CCOOk eta UGTk akordioa lortuko zutela, neurrien eragina apaltzeko. Gero, alde batetik, akordioari etekina aterako zioten; bestetik, ordea, akordioa kritikatuko zuten, langile publikoen artean demagogia eginez. Orain ez dute lortuko».
Eusko Jaurlaritzak funtzionarioen lan baldintzak bihurtu ditu dirua aurrezteko iturri nagusi: iaz, soldatak jaitsi zizkien; aurten, izoztu egin dizkie; eta, orain, neurri gehiago hartu nahi ditu, 2012an ehun milioi euro aurrezteko, tartean baita soldatek izoztuta jarraitzea ere. «Krisia langile publikook ordaintzea nahi du, krisia gure ardura ez bada ere», esan dute ELAk, LABek eta EILASek. «Iritzi publikoa langile publikoon kontra jarri nahi du».
Haserrea eta mobilizazioak
ELA oso haserre dago Eusko Jaurlaritzarekin. Bederatzi urtean Funtzio Publikoaren mahaian akordiorik sinatu gabe egon eta gero, 2009an sinatu egin zuen 2010ekoa, CCOOrekin eta UGTrekin batera. Baina Eusko Jaurlaritzak ez du bete hitzartutakoa, langile publikoei soldata jaitsierak-eta aplikatu baitizkie.
ELAk, LABek eta EILASek mobilizazioak egingo dituzte datozen asteetan: manifestazioak urtarrilaren 26an Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta manifestazioak eta lau orduko lanuzteak otsailaren 9an. Murrizketei erantzuteko bide bakarra direla uste dute. Atzo kontzentrazioa egin zuten Eusko Legebiltzarraren aurrean, 2012ko aurrekontuak onartzen ziren bitartean. UGTk mobilizazioak egingo ditu urtarrilaren 9tik aurrera. CCOOk esan du «mobilizazioen garaia» dela, baina ez ditu oraindik zehaztu.
Jaurlaritzak «bidea libre» du langile publikoei murrizketak aplikatzeko
Negoziazioek porrot egin eta gero, urtarrilean onartuko du 66.700 langile publikoen lan baldintzen dekretuaJaurlaritzak eta CCOOk bat egin dute ELAren eta LABen jokaeraren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu