Kontratu publikoak

Jaurlaritzak dio aholkularitza enpresen kartelaren «biktima» izan dela

Urkulluk ziurtatu du ez dagoela irregulartasunik gobernuaren eta zigortutako enpresen arteko harremanean. Legebiltzarraren esku jarriko ditu kontratazio guztiak.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko saio batean. JON RODRíGUEZ BILBAO (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 28a
16:17
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du ez dela «irregulartasunik» egon Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) zigortutako aholkularitza enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko kontratuetan , eta azpimarratu du gobernuaren jardunean halakorik egon dela erakusten bada «exijentzia handienarekin» jokatuko duela. Antzera mintzatu da Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua ere, eta adierazi du auzi horretan Jaurlaritza enpresa horien praktiken «biktimetako bat» izango litzatekeela.

Lehiaren Batzordeak, besteak beste, Deloitte, PwC eta Idom zigortu ditu, lizitazio publikoak manipulatzeagatik. Kartel baten gisara funtzionatzea egotzi die. «Espainia iparraldean» gutxienez 101 lizitazio egin zituzten, eta horietako batzuk Bilboko eta Gasteizko udalekin, Jaurlaritzako hainbat sailekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lotuta zeuden.

Elkarrekin Ahal Dugu-IUko taldeak lehendakariari ohartarazi dionez, lizitazio horiek «gainkostu handia» ekarri diete euskal ogasunei, erakundeek agindutako lanak «haiek egin beharrekoak» direlako. Gainera, ziurtatu duenez, ikerketan azaltzen diren mezu elektronikoek erakusten dute «konfiantzazko harreman desegokiak» daudela arduradun publikoen eta enpresen horien artean, eta «EAJko kide garrantzitsuek» parte hartu dutela.

Erantzunean, lehendakariak gogorarazi du ikertutakoak enpresak direla, eta ez erakundeak, eta azpimarratu du Jaurlaritzak sustatutako lizitazio guztiak «bere garaian» ikuskatu zituztela gobernuaren kontu ikuskatzaileak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. «Batzordeak ez du gure jokabidea zalantzan jarri. Eusko Jaurlaritzako sailetako lizitazioen ikerketan ez da egiaztatu bat etortze zantzurik», azpimarratu du Urkulluk.

Gogorarazi duenez, Lehia Batzordeak irekitako prozedura ez da amaitu, eta enpresek helegitea aurkez dezakete Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ziurtatu du bere gobernuak ikerketekin lagunduko duela eta legebiltzarraren esku jarriko dituela «ikertutako enpresekin egindako kontratazio guztiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.