Imanol Magro Eizmendi.
GEURE KONTU

Aholkularitzen paradisua

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Solasaldi hau 2016koa da, posta elektroniko bidez eginikoa: «Eskerrik asko, Ana. Inpaktu azterketarena antolatzera noa. Eskaintzak eskatzeko hiru enpresak bidal diezazkidazun behar dut. Eskrk, Luis». Ondoren, Anak, Ana Anduezak, Deloitte aholkularitza ekonomiko multinazionaleko arduradunak, lehiaketan parte hartuko duten beste bi enpresak BMASI eta 97SyF aholkularitzak izango zirela jakinarazi zion Luisi, Bilboko portuko agintaritzako erosketa arduradunari. Horren ondoren, hiru enpresa horien arteko mezu truke bat egon zen, non onartzen zuten harrituta zeudelaBilboko Portuko agintaritzak hasieran zehaztu baino prezio txikiagoan atera zuelako kontratua. Mezuetako batean, Anduezak zera dio, haserre: «Akabatuko ditut! Bada, denak preziorik handienarekin esleitu beharko dituzte».

Anduezak, ondoren, mezu hau bidali zion Luisi: «Luis, gure aurrekontua 59.000 euroan adostu genuen; horregatik, gonbidapena 60.000n atera behar duzu, beherapena egiteko». Portuko arduradunak, egoera horretan, uste du Deloitteko kideari azalpena zor diola: «Ana, esan behar nizun. Publizitaterik gabe negoziatzeko, 49.999 eurorainokoa da. Hurrengo hilabetean beste antzeko bat egingo dugu,10.000 eurogatik. Eskerrik asko, Luis». Horren ostean, Ana bera jarri zen harremanetan portuko zuzendaritza komertzialarekin: «Monica agurgarria. Atzo komentatu genuen beheko mezu elektronikoarekin zerikusia duen lehiaketa publiko bat antolatzeko beharra. Luisek esan digu enpresa hauek gonbidatuko dituzuela: 97 S&F Asesores de negocio SM: Leandro Ardanza, edo B+I Strategy: Sabin Azua, edo Deloitte: Ana Andueza. Proiektuaren helburua: lehiaketaren helburua gurutzaontziek Bilboko Portuan duten inpaktu ekonomikoaren azterketa eguneratzea da. Gehienezko aurrekontua: aurrekontu mailan 11.000 eurokoa izatea beharko genuke. Edozein zalantza izanez gero, dei gaitzazu. Agur t'erdi. Ana».

Urte hartan, horrela negoziatu ziren Bilboko Portuko agintaritzaren bi kontratu. Mezu truke hura CNMC Merkatuen eta Lehiarako Espainiako Batzordeak aste honetan azaleraturiko tramako ehunka frogetako bat da. Gehiena posta elektroniko bidezko solasaldiak dira. Berez, bi trama dira, bat Espainiakoa eta bestea «Espainia iparraldekoa». Azken horren arabera, irregulartasunak egon ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2008tik 2018ra adjudikaturiko 101 kontratu publikoren lehiaketetan. Kontratuen %85 Jaurlaritzaren sail batzuetakoak, Bizkaiko Aldundiarenak eta Bilboko Udalarenak dira. Hainbat enpresa eta erakunde publiko eta sasipubliko ere ageri dira: Innobasque, portuak...

CNMCk egiaztatu duenez, hainbat aholkularitza ados jarri izan dira lehiaketa publikorik gabe ematen diren kontratuen banaketa manipulatzeko. Are gehiago, frogatutzat jotzen du kartel bat osatu zutela. Isun ekonomikoak ere ezarri dizkie Euskal Herrian bulegoa duten hamar aholkularitzari; besteak beste, 3.990.000 euro Deloitteri, 640.000 Bilboko Idom ingeniaritzari, eta 670.000 euro PriceWaterHouseCoopersi. Azken horrek lagundu dio Eusko Jaurlaritzari Europako Next Generation funtserako proiektuen lehen entresaka egiten, eta Bizkaia dorrearen kudeaketa partekatuko du.

Iruzurra ulertzeko, kontratu publikoen adjudikazio sistema azaldu behar da. Kontratuek bete beharreko tramiteak desberdinak dira prezioaren arabera. 15.000 euroraino azalpenik gabe esleitu daitezke, eta hortik goragokoek lehiaketa mota ezberdinak dituzte. Eta horien artean dago iruzur honen gakoa: negoziaturiko prozedura delakoa. Lehiaketa publikodun kontratuek sei hilabete inguru behar izaten dute esleituak izateko; negoziaturiko prozedurak, berriz, laburtu egiten du tarte hori. Lehiaketa ez da publizitatzen, eta kostu muga bat du, normalean 50.000 euro ingurukoa. Legezkoa izateko, hiru eskaintza behar dira. Orain azaleratutako iruzurrean, enpresetako batek beste bi gonbidatzen zituen konpartsa hutsak izateko. Ia ezinezkoa zen kanpoko inor sartzea eta eskaintza lehiakorrago bat egitea. Gero, «babesa» trukean eskatzen zuten konpartsek.

Iruzurra ala ustelkeria?

Iruzurra... eta ustelkeria, CNMCren ustez hainbatetan erakunde publikoek bai baitzekiten zer gertatzen ari zen. Hala frogatzen dute Bilboko Portuko mezuek. Tramaren muinean, erakunde publikoek aholkularitza enpresei emaniko boterea, haiei azpikontrataturiko lan ugariak, eta bi aldeak lotzen dituzten zilbor heste pertsonalak daude. Kasu batzuk argitara atera dira, baina ezin jakin zenbat izango ziren guztira.

Orain, Espainiako Kontratazio Publikoen Batzordeari dagokio iruzurtien kontratazio publikorako debekua ezartzea. Espainiako Ogasun Ministerioaren menpe dagoen organo bat da. Euskal erakundeak, baina, ezin dira horren zain egon. Aholkularitzek urraketa larriak egin dituzte, eta herritarren bizkar barre egin dute. Erakundeek, gardentasunaren izenean, erabaki irmoak hartu behar dituzte, eta aholkularitza horiekiko harreman oro hautsi. EBren funtsak Euskal Herriaren etorkizunean hain garrantzitsuak izatekoak badira, haien galbahea ezin da utzi halako jardunak dituzten enpresen esku. Eta, bide batez, kontrol zorrotzagoa ezarri beharko lukete kontratazio publikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.