Energia berriztagarriak

Jaurlaritzak dio Iturrietako parke eolikoaren kokapena ez dela behin betikoa

Kezka eragin du Araban haize errotak jartzeko kokalekuetan natura gune babestuak daudelako. 

Iturrietako proiektuaren aurkako taldea eratu dute hainbat herritarrek. Protesta egin dute gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2020ko otsailaren 10a
16:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak parke eolikoak eraikitzeko nahiak haien kokapenari buruzko eztabaida aireratu du berriz ere. EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak elkarrekin sortutako Aixeindar sozietatea ari da aztertzen parke horien kokaleku posibleak; zortzi kokaleku aztertu nahi dituzte guztira, baina izen bakarra aipatu dute oraingoz: Iturrietako mendiena, Erroetan (Araba). Haizea neurtzeko dorre bat jarri dute han, eta, natura eremu babestuan dagoela-eta, kezka sortu du hango herritarren artean. Jaurlaritzak adierazi du, ordea, kokapen hori ez dela behin betikoa. «Argi eta garbi esan behar dugu oraintxe ez garela hitz egiten ari proiektu zehatz baten inguruan. Haizea neurtzen ari gara bakar-bakarrik, gune horietan parke eolikorik jar daitekeen edo ez aztertzeko», adierazi du Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak, gaur Gasteizen egindako agerraldian.

Ez da lehen aldia Eusko Jaurlaritzak interesa agertu duena Erroetan haize errotak jartzeko. Izan ere, 2002ko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean jaso zuen Iturrieta kokapen posible gisa. Erabaki hark hautsak harrotu zituen orduan, eta, orain, proiektua berriz hizpidera ekarrita berpiztu da eztabaida ere. Hainbat herritarrek Iturrietako Mendiak Aske plataforma eratu dute, eta salatu Gasteizko gobernuak eta Iberdrolak interes ekonomikoak lehenetsi dituztela natura gunearen babesaren aurretik.

Taldeak gogorarazi du, halaber, Arabako Foru Aldundiak proiektu horren aurkako txosten bat kaleratu zuela 2008an, ingurumen arrazoiak argudiatuta, eta Aixeindarri egotzi dio erabaki hura «lurperatu» nahi izatea. «Horren ekologikoa den enpresak horrek gune babestuetan haizea neurtzeko dorreak jartzen jarraitu behar al du ingurumen eraginaren txostenik gabe?», adierazi dute, ohar bidez. Taldearen ustez, Aixeindarrek «legez kanpo» eta «berme juridikorik gabe» ekin dio parke eolikoak jartzeko proiektuari, eta, gainera, «duela 12 urte jada baztertu ziren eta gaur egun instalazio eolikoak espresuki debekatzen dituzten ingurumen babeseko figurak dituzten kokalekuetan».

Jaurlaritzak ukatu egin du halakorik, ordea. Iñigo Ansolak esan du 2002ko plana indarrean dagoela oraindik, eta haren babesean ari direla neurketak egiten. Nabarmendu du, hala ere, azterketa egite hutsak ez duela zertan baieztatu haize erroten behin betiko kokapena. Hain zuzen, azpimarratu du Erroetako kasua lehena izan bada "tramiteen azkartasunei esker" izan dela, eta ez parke eolikoa bertan kokatuko dutelako. Nolanahi ere, Ansolak gogorarazi du energia berriztagarriek ere kostu bat dutela: «Adostasun politikoa dugu Eusko Legebiltzarrean energia berriztagarrien alde apustu egiteko. Baina, horretarako, haizea dagoen lekuetara joan behar gara edo eguzkia dagoen guneetara... Edozein tokik ez du balio. Energia berriztagarrien alde egin nahi dugu, baina gogoan izan behar dugu ezinezkoa dela inolako ingurumen kosturik gabe egitea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.