Jaurlaritzak eskubide subjektibo gisa aitortuko ditu enplegu politika aktiboak

Langileen formakuntzan oinarrituko du 2030erako enplegu estrategia. Kezka agertu du egungo lan merkatuaren «egiturazko gabeziekin».

Idoia Mendia Lan sailburua astearte honetan egindako agerraldian. IREKIA
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 13a
15:51
Entzun

Egungo lan merkatuan dauden «desoreka» batzuk konpondu eta aurrera begira egon daitezkeenak aurreikusi eta konpontzeko bidean jartzea izango du xede Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiak. Enpleguaren kalitatea sustatzea du helburu planak, eta hori lortu nahi du, besteak beste, langileen formakuntzan sakonduz. Horren harira, enplegu politika aktiboak eskubide subjektibo gisa aitortzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak.

2030era begirako prospekzioa ere jasotzen du txostenak. Horren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 610.000 langile berri egongo dira bederatzi urte barru. Horietatik 110.000 lanpostu berrietan arituko lirateke, eta gainerako 500.000k, egun daudenetan. Aurreikuspen horien arabera, halaber, 2030ean milioi bat lanpostu eskatzaile egongo dira.

Okupazio taldeak aztertuta, zenbait desoreka aurreikusten ditu azterketak: adibidez, eskaintza eskaria baino handiagoa izango dela osasunaren eta irakaskuntzaren arloko profesionalentzat, eta berdin lehen sektorean, industrian eta eraikuntzan, eta zuzendaritza eta gerentzia lanpostuetan. Aitzitik, eskaria eskaintza baino handiagoa izango da bulegoetako lanpostuetan, ostalaritzan eta saltokietan.

«Jarduera esparru teoriko bat»

Horrekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan merkatuak dituen «egiturazko gabezia» batzuk azpimarratzen dira txostenean, hala nola behin-behinekotasuna, langabeziaren kronifikazioa, langabe zaharren ugaritzea, eta aukera desberdintasuna, eta horiek datozen urteetan okertu daitezkeela ohartarazten da.

Idoia Mendia Lan sailburuak astearte honetan aurkeztu du plana. Azaldu du Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte hartzen duten eragileen ekarpenak jaso dituztela, eta aurki agerraldia egingo duela Eusko Legebiltzarrean, egitasmoa aurkezteko eta legebiltzar taldeen iritzi eta eskaerak entzuteko.

Mendiak azaldu duenez, aurkeztutako estrategia «jarduera esparru teoriko bat» da, eta, beraz, ez du inbertsioei edo helburuei buruzko datu eta informazio zehatzik jasotzen. Adierazi du zehaztasun horietako batzuk azalduko direla, besteak beste, legegintzaldi honetarako prestatzen ari diren Enplegu Planean edota COVID-19ari aurre egiteko egitasmoetan eta diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko legearen erreforman.

2013era begirako estrategiak bost oinarri ditu: aukera berdintasuna, berrikuntza, lurralde oreka, adostasuna eta lankidetza, eta lidergo publikoa. Eta lau helburu: kalitatezko enplegua, gizarteratzeko funtsezko tresna gisa; lan aktibazioa sustatzea, langileak ekoizpen sistemaren aldaketetara egokitu ahal izateko; enplegu politika aktiboak eskubide subjektibo gisa ezartzea; eta aukera berdintasun eraginkorra bermatzea. Mendiak azpimarratu duenez, enplegu politika aktiboetarako eskubide subjektiboa jasoko duen lehen erkidegoa izango da EAE.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.