Jaurlaritzak ez ditu bere langileen soldatak jaitsiko

Iaz ezarritako murrizketak helburua lortu duela ziurtatu du, 98 milioi euro aurreztu baititu

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Datorren urtarrilean soldatak murriztuko ez dizkiela jakinarazi die Eusko Jaurlaritzak bere menpeko administrazioko sindikatuei. Jaurlaritzak ontzat jo du iaz onartutako murrizketa, gastua ehun milioi euroan gutxitzeko helburua bete egin duelako. Azkenean, 98 milioi aurreztu ditu Euskal Autonomia Erkidegoak.

Doi-doi duela urtebete, Eusko Jaurlaritzak sindikatuen haserrea eragin zuen, Espainiako Gobernuak finkatutako irizpideei jarraituz, funtzionarioei eta bere menpeko beste langileei soldatak gutxitzea erabaki zuenean. Aldaketa bat egin zuen, ordea, Gasteizko gobernuak. Batezbeste langile publikoen sariak %5 txikitu beharrean, langileria gastuei zegokien aurrekontuen zatia gutxitu zuen, hein hortan hain zuzen ere. Gutxi gorabehera %2 txikitu zien soldata funtzionarioei eta gainontzekoa neurri osagarrien bidez aurreztu zuen, lanpostuak eta ordezkapenak gutxituta batez ere.

Uztailetik aurrera ezarri zien soldata txikitzea bere langileei. Aurten ere orduan erabakitako soldatekin etxeratzen dira funtzionarioak.

Atzo bilera egin zuten Lakuan Eusko Jaurlaritzako Mahai Orokorreko ordezkariek. Han, Juan Carlos Ramos Funtzio Publikoko sailburuordeak azaldu zien sindikatuei «inolako soldata murrizketarik» ez dela egongo 2012an. Sariak 2010aren hasierako mailara itzuliko diren edo zenbat igoko diren ez du azaltzen Jaurlaritzak hedabideei igorritako agiriak.

Bilera horretan ere, Jaurlaritzak balantze ona egin du 2009ko abenduan ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin izenpetutako Mahai Orokorreko akordioari buruz. Ramosen arabera, orduan hitz emandako hainbat neurri bete ditu Jaurlaritzak:egiturazko enplegua finkatu egin du, 4.661 lanpostu eskaini ditu lan eskaintza publikoetan, eta laneko jazarpen nahiz jazarpen sexualaren aurkako borrokarekin zerikusia duten hainbat ekimen indarrean jarri ditu.

Diputazioen eta udalen zorra

Bere menpeko langileen soldatak igotzeko prest izateak ez du esan nahi Jaurlaritzak bere kontuak onbideratu dituenik. Urtea ez du ongi hasi: Espainiako Finantza Ministerioak herenegun emandako datuen arabera, BPGaren %0,77ko defizita pilatu du urteko lehen hiruhilekoan.

Zerga bilketa ere ez doa oso txukun. Urtarriletik apirilera 3.465 milioi euro jaso dituzte diputazioek, iaz baino %2,2 gutxiago. Gainera, horietatik 435 milioi Espainiako Gobernuari itzuli beharko dizkote, Auzitegi Gorenak Rover auzian arrazoia Madrilgo gobernuari eman baitio. Opor fiskalen auziagatik ere isun handia pagatzeko bidean dira.

Egoera horretan, zaila izango zaie euskal erakundeei pilatuta daukaten zorra gutxitzea. Espainiako Ekonomia Ministerioak atzo zabaldutako datuen arabera, diputazioek 1.573 milioi euro zor dituzte: 949 milioi Bizkaiak, 339 milioi Arabak, eta 285 milioi Gipuzkoak.

Udalek, berriz, 953 milioi euroko zorra zuten 2010eko abenduaren 31n. Udalerri zorpetuena Gasteiz da (140 milioi), eta haren atzetik datoz Donostia (90), Iruñea (89), Irun (41), Getxo (28), Zarautz (20) eta Tutera (19,5). Bilbok hiru milioiko zorra zuen urte amaieran, baina dagoeneko kitatu egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.