Atzo Sestaoko altzairutegiko zuzendaritzak eta langileen ordezkariek izandako bileran akordio baten aurrekoa lortu zuten bi aldeek. Multinazionalak egindako proposamenaren ingurukoa da adostasuna, enpresak guztiz baztertu zuelako langileek aurkeztutako plan alternatiboa, ez duelakoan altzairutegiaren errentagarritasuna bermatzen.
Akordioaren aurrekoak aldaketa batzuk egiten dizkio enpresak hasiera batean egindako proposamenari. Izan ere, enpresak lan taldea erdira murriztu nahi zuen (300dik 150era), lanean geratzen zirenei %15 jaitsi nahi zien soldata, eta %35era enplegu erregulazioan geratzen zirenei. Soldata jaitsiera horiei muzin egin die orain enpresak.
Bestelakoan, Arcelor Mittalek egindako proposamenak egingo du aurrera. Altzairutegia uztailean irekiko dute berriz, baina asteburu batzuetan baizik ez, orduan merkeagoa baita ACBren labe elektrikoak txatarra funditzeko eta hortik altzairua egiteko behar duen argindarra. 10.000 edo 12.000 tona artean ekoitzi nahi dituzte. Langile batzuek hamabi orduko lanaldiak egitea da enpresaren asmoa. 1955 eta 1957 artean jaiotako langileei erretiro aurreratua emango diete.
Jaurlaritzaren baldintzak
Langileen batzarrak gaur zuen bozkatzekoa proposamena, "tentsioz betetako" bilera baten ondoren, bozketa datorren asteartera arte atzeratzea erabaki dute. Bozkatuko dutenaren inguruan informazio gehiago izango dutela uste dute, eta langile gehiagok hartu ahal izango dute parte.
Langileen oniritziarena ez da ACB berriro ireki ahal izateko gainditu beharreko azken lana. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ere badu zeresana. hark I+Grako, formakuntzarako edo ingurumenaren zaintzarako ematen dituen diru-laguntzak jasotzea derrigorrezkotzat jotzen baititu enpresak planta bideragarria izan dadin. Sestaoko altzairutegia laguntzeko prest dagoela ziurtatu du Arantza Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, baina baldintza batzuekin. "Benetako" plan bat egiteko eskatu dio Arcelor Mittali, ACBk "gutxienez 2020ra arte" jarduerari eta enpleguari eutsiko diola dion promesarekin. "Bestela enpresaren epekako itxiera bati laguntzen arituko ginateke", ohartarazi du Tapiak.
Sailburuari eskasa iruditu zaio Arcelor Mittalek Sestaorako egin duen plana —"power pointeko lau orrialde baloratzea ez da serioa"—, eta "benetako negozio plan bat, xehetasunekin" eskatu dio multinazionalari. Gainera, ohartarazi dio egin dizkion diru-laguntza eskaeretako batzuk onartezinak direla, "beste enpresa batzuei leia desleiala egitea ekarriko lukete eta".