Makroekonomia

Jaurlaritzak hazkunde eta enplegu aurreikuspenak hobetu ditu

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurten barne produktu gordina %2,6 handituko dela eta 17.000 lanpostu berri sortuko direla kalkulatu dute, espero baino 1.500 gehiago.

Ekonomiaren martxa ona beretsi du Jaurlaritzak. Irudian, Murueta ontziolako langileak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ivan Santamaria.
2018ko martxoaren 28a
09:50
Entzun

Euskal ekonomiaren "martxa ona" ez dela eten azaldu du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak, aurreikuspen berriak aurkezteko Bilbon egin duen agerraldian. "Nazioarteko giro baikorraren parte gara", zehaztu du.

Hori dela eta, 2018. urterako egindako prebisioak hobetzea erabaki du. BPGari dagokionez, hamarren bat igo ditu. Aurrekontuak egiterakoan hazkundea %2,5 izango zela kalkulatu zuen. Hobekuntza handiagoa espero da enpleguan.

2019. urterako hazkunde erritmoa apur bat motelduko da, %2,2 izateraino. Enplegua bi urte barru %1,4 handituko litzateke, ekonomiari beste 13.000 lanpostu garbi gehitzeko. Datu horiek eskuetan, 2019ko bigarren seihilekoan batez besteko langabezia %10etik behera geratuko da. "Legealdiko helburu nagusietako bat da hori", azpimarratu du Azpiazuk.

Heldu den urteko motelaldiari dagokionez, Espainiako Bankuak eta Ceprede zentroak egindako kalkuluan oinarrituta dago. Aurreko urteetarako ere beheranzko joera espero zen, baina ez zen gauzatu. Eustatek datorren apirilaren 26an argitaratuko ditu urteko lehen hiruhilekoan hazkundeak izan dituen emaitzak. Alberto Alberdi Ekonomia eta Finantza sailburuordeak aurreratu du momentuz aldagai guztiek jardueraren martxa ona berretsi dutela, eta posible dela berriro ere aurreikuspenak hobetzea, urteak aurrera egin ahala.

Joan den urteko azken hiruhilekoari buruzko txosten ekonomikoa argitaratu du gaur Urkulluren gobernuak, halaber. Aurrera begira, soldaten gaiari arreta berezia emango zaiola iragarri dute Ogasun Saileko arduradunek. Sektoreen arabera, "desoreka handiak" daudela uste du Alberdik, eta horrek azalduko luke ordainen garapenari buruz agertu diren iritzi ezberdinak. Lan kostuen inkestaren arabera, iaz industria sektorekoak %2,9 handitu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina behera egin zuten eraikuntzan (-%1,5) eta zerbitzuetan (-%0,5).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.