Jaurlaritzak ia sei milioi eurorekin lagunduko die mahatsaren bilketa gutxitzen dutenei

Denera, 17,6 milioi euro jarriko ditu ardogintzaren sektorearentzako laguntza gehigarrietarako. Mahastiak kentzeko izango dira 1,8 milioi.

Mahasti bat Guardian (Araba), iaz.
Mahasti bat Guardian (Araba), iaz.
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 27a
13:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzak neurri sorta bat iragarri du ardogintzari laguntzeko. Zehazki 17,6 milioi euro jarriko ditu sektore horretarako, urte zailak izan baititu. Kontsumo ohituretan izandako aldaketen ondorioz, salmentak gutxitu egin dira, eta Arabako ekoizleei gero eta zailagoa egiten zaie ekoitzitako ardoa merkaturatzea upategiei. Brexit-a dela, COVID-19aren pandemia dela, Ukrainako gerra dela... 

Azken urteetan, gehiegizko ekoizpenak mahatsaren prezioa jaistea ekarri du Arabako Errioxan, nagusiki upategi txikien kaltetan. Jaurlaritzak esan du eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekak bere horretan jarraitzen duela, eta merkatuaren egoera «denboran luzatuko dela» aurreikusi du. Horri aurre egiteko, Errioxa sor-markako kontseilu arautzaileak ekoizpena mugatzea erabaki zuen udazkenean, eta neurriak kalte egindako ekoizleentzat 5,6 milioi euroko diru laguntza bat emango du Ekonomiaren Garapen Sailak. Azaldu du 12.500 hektarea ingururi lagundu nahi diela. 

Uzta berderako 1,8 milioi euro jarriko ditu —laguntza hori handitzeko prest agertu da—; beste hitz batzuetan esanda, mahastiak kentzeko. «Uzta berdearen bidez, mahasti-mahats sortak kentzen dira, heldu gabe daudenean ardogintzarako mahatsa ekoizteko erabiltzen direnak. Horrela, lursailaren errendimendua zerora murrizten da, eta laguntzaren xede den partzelan ezin da mahatsik bildu gabe utzi», azaldu du Jaurlaritzak.

Diru sailik handiena, zortzi milioi eurokoa, Errioxa sor-markako ardoa Araban ekoizten dutenentzat izango da. Zenbat eta ardo gehiago ekoiztu bertan, orduan eta laguntza handiagoa. Azken kontu sailak, 2,2 milioi eurokoak, merkataritza funtsa galdu dutenak konpentsatzeko balioko du.

Probetxu gutxi

Iaz ere, Gasteizko gobernua prest agertu zen ekoizleei behar dituzten diru laguntzak emateko, mahastiak kentzeko, edo, pandemia ostean egin bezala, saldu gabeko ardoa destilatzeko eta alkohol bihurtzeko. Zortzi milioi euro bideratu zituen horretarako, baina ardogileek hiru milioi soilik eskatu zituzten.

Kopuru txikia da, jakinda laguntza horiek gehiegizko ekoizpenagatik izan zitzaketen galerak arintzeko asmoa zutela. Alkoholarena ez da ardoarena bezain negozio errentagarria, baina balio du irabaziak lortzeko. Laguntza horri esker hiru milioi litro erretiratu ziren bodegetatik; garai berean, Errioxan, 17 milioi litro atera zituzten, laguntzak eskasagoak ziren arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.