Kontu publikoak

Jaurlaritzak interesak jasoko ditu bere zorraren truke

120 milioi euroko zorra jaulki du, %0,03ko interes negatiboarekin

Ricardo Gatzagaetxebarria jarduneko sailburua, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2016ko azaroaren 15a
16:39
Entzun

Eusko Jaurlaritzak finantza merkatuetara jo behar izan du zerga bilketa uste baino apalagoak bere kontuetan sortutako zuloa estaltzeko. Inoizko baldintza onenetan saldu ditu 120 milioi euroren bonoak, lehen aldiz interes tasa negatiboa lortu baitu (-%0,03). Hau da, interesak pagatu beharrean, zorraren erosleek interes txiki bat pagatu beharko diote Jaurlaritzari.

«Finantzaketa politikan lorpen handia da», aldarrikatu du Jaurlaritzaren Ogasun Sailak, eta EAEko ekonomiaren kaudimen onaren ondorioa dela ziurtatu du.

Zorra bi urteren buruan itzuli beharko du Jaurlaritzak.

Espainiako Bankuaren azken datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak 10.450 milioi euroko zorra zeukan joan den ekainean, aurreko hiruhilekoan baino 413 milioi euro gehiago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %15,6 da hori. Azken urteotan, interes tasa apalak direla eta, Jaurlaritzak askotan jo du bankuetara bere burua  finantzatzeko, eta zor jaulkipen gutxiago egin ditu. 

Krisi ekonomikoa hasi zenetik hamar aldiz handitu da Hegoaldeko administrazioen zor publikoa. Gobernu bat zein bestea 2008. urtean hasi ziren zorpetzen, krisiak diru sarrerak, zerga bilketak, amildu zituenean: BPGaren %2tik beherako zorpetzetik hasi zuen eskalada Jaurlaritzak, eta BPGaren %4tik beherako zorpetzetik Nafarroak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.