Landa eremuak bizirik irautean jarri du arreta Eusko Jaurlaritzak. Herri txikiei eta horietan bizi diren biztanleei eutsi nahi die, eta, ahal dela, hirietatik lekualdatzeko prest dauden herritarrak erakartzen saiatu. Erronka horri erantzuteko, landa garapenaren ikuspegia txertatuko du aurrerantzean bere erabakietan. Horrek esan nahi du administrazioak bultzatuko dituen politiketan landa gunean izan dezaketen inpaktua aztertuko dela ezer erabaki aurretik. Rural proofing deitu diote horri; alegia, genero ikuspegiarekin edo ingurumenarekin egiten den moduan, txosten berezi bat egin beharko da aldiro.
Landa Garapeneko legea berritu du Jaurlaritzak, zeinaren bitartez estrategia berri bat ezarriko duen haren politiketan. 1998koa zen indarrean zegoena, baina Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuaren hitzetan, aldaketa garrantzitsuak izan dira azken hogei urteetan, eta horiek eragin zuzena izan dute landa eremuarengan, bai eta landa inguruaren eta hiriaren arteko harremanean.
Tapiaren hitzetan, halere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa eremuak «ez daude hutsik», eta hori «orekari» eusteko egin den lanaren ondorio da, hein handi batean. Une honetan, EAEko biztanleen %8,3 bizi da landa eremuko herri txikietan, hau da, kilometro karratuko 150 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan. Sailburuaren arabera, datua ez da hain kezkagarria, esan nahi baitu «XXI.mende hasierako lehen hogei urte hauetan biztanleriari eustea lortu dugula».
Are gehiago, Tapiak nabarmendu du pandemia iritsi zenetik hainbat herrietako erroldetan «igoera oso nabarmena» izan dela, nahiz eta oraindik goiz den jakiteko egoerak baldintzatutakoa den edo egonkortzeko joera izango duen. Araban eman da aldaketa hori, batez ere: Mendialdean, esaterako, %7 igo da biztanle kopurua azken urtean; %2,5 inguru hazi da Añanako eskualdean, eta %3 Gorbeialdean.
Organo berri bat
Hala ere, administrazioak nahi du landa ingurunea bizitzeko leku erakargarri izatea, eta herrialdearen ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen garapenerako eta kohesiorako «funtsezko faktore» izatea. Eta modu horretan, Jaurlaritzak nahi du landa eremuan bizi direnen garapen aukera hirietan dagoenaren maila berekoa izatea, nola bizi kalitateari dagokionez hala ekonomia eta lehiakortasunari dagokionez ere.
Horretarako, egun martxan dauden laguntza programak indartzeaz gain, Euskadiko Landa Garapeneko Sarea sortzea proposatu du. Organo berri hori osatuko lukete, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, Eudelen, Arabako Kontzejuen Elkartearen, Kuadrillen, Haziren, Landa Garapenerako Elkartearen, Tokiko Ekintza Taldearen eta lurraldeko eta sektoreko beste erakunde batzuen ordezkariek.
Landa garapenean inplikatutako erakunde eta eragileen arteko lotura, koordinazioa eta lankidetza bultzatzea litzateke helburua. Lege proiektua legebiltzarrean onartuko beharko da orain.