ekonomia

Jaurlaritzak langile publikoen murrizketetan 95 milioi euro aurreztuko ditu aurten

Besteak beste, adina baino lehen erretiratzen direnentzako pizgarriak kenduko ditu, erretiroa hartzen duten funtzionarioak ez ordezkatzea erabaki du eta soldata osoa lan gaixotasunetan soilik ordainduko du. Murrizketak 2012rako dira. Funtzionarioei asteko lanaldia 35 ordutik 37,5era igo behar dien jakiteko zerbitzu juridikoei txosten bat eskatu die.

2012ko urtarrilaren 10a
18:23
Entzun

Sindikatuekin langile publikoen arloko negoziazioek porrot egin ostean, Eusko Jaurlaritzak gaur onartu ditu dekretu bidez murrizketak, eta, hala, aurten giza baliabideetan 95 milioi euro aurreztuko ditu, Idoia Mendia bozeramaileak jakinarazi duenez. Murrizketak 2012rako dira.

Adina baino lehen erretiratzen direnentzako pizgarriak kenduko ditu, 65 urtetik aurrera lanean jarraitzea galaraziko du, erretiroa hartzen duten funtzionarioak ez ordezkatzea erabaki du, soldata osoa lan gaixotasunetan soilik ordainduko du —orain arte beti ordaintzen zuen—, eta ordezko langilerik ez du hartuko —lanpostu bakan batzuetan izango lirateke salbuespenak—.

Bajen kasuan, %100 kasu hauetan ordainduko du: amatasuna, aitatasuna, haurdunaldiagatiko arrisku, arriskua edoskitzaro naturala, ospitaleratze, ebakuntza kirurgiko eta laneko istripu kasuetan.

Gaixotasun "arruntetako" eta lantokitik kanpo izandako istripuen kasuetan, bajako lehenengo egunetik hirugarren eguna arte ordainsarien %50 ordainduko du ekitaldiko lehen baja denean, eta% 40 bigarren bajan. Ondorengo bajetarako, osagarria laugarren egunetik aurrera ordainduko du.

"Jaurlaritzak irmo eusten die bere konpromisoei: enplegu publikoko egonkortasunaren babesari, administrazio publikoaren zerbitzuko langileen prestakuntzari, eta lana eta familia-bizitza uztartzeko neurri berrien garapenari", adierazi du Mendiak.

Espainiako Gobernuak iragarria du funtzionarioei asteko lanaldia 35 ordutik 37,5era igoko diela, baina Jaurlaritzak esan du bere 66.700 langileen kasuan lehenik eta behin zerbitzu juridikoei txosten bat eskatu diela, gobernuaren erabakia derrigor bete behar duen jakiteko.

Joan den urte bukaeran Jaurlaritzak funtzionarioen 2012ko soldatak izoztea erabaki zuen.

ELA, LAB, CCOO eta UGT gabe

Aurrena ELAk eta LABek utzi zuten EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra, eta gero CCOOk eta UGTk. Mahaia hutsik eta negoziazioa hautsita, Jaurlaritzak eta sindikatuek elkarri leporatu diote porrotaren ardura.

Elkarretaratzea ELA, LAB eta EILASek

Zerbitzu publikoak garatu. Murrizketarik ez! lelopean elkarretaratzea egin dute gaur Lakuan ELA, LAB eta EILASek. Mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.