Enpresak

Jaurlaritzak letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko

Madrilen azalpen gehiagoren zain dago, baimena nahi duelako enpresei isunik jar ez diezaieten

Sidenor enpresako langileak jarduera eteteko eskatzen, aurreko astean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2020ko martxoaren 30a
15:23
Entzun

Espainiako Gobernuaren azken dekretuak atea itxi dio Jaurlaritzak babesten duen gutxieneko jarduerari eusteko aukera horri, edo hori ematen zuen atzo. Gaur ez baitago batere argi Pedro Sanchezen gobernuak zer agindu duen. Argitzeko saio betean ari da Eusko Jaurlaritza egun osoan, aukeraren bat ikusten baitu jarduerari eusteko zenbait alorretan, funtsezkotzat jo diren horiez harago. Horrela esan dio BERRIAri Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak. «Dekretuak jasotakoa argitzeko saio betean gaude oraintxe Espainiako Gobernuarekin. Gure helburua da gutxieneko jarduera bati eustea, ez %100 eustea eta langileak arriskuan jartzea, baizik eta osasun neurriak lehenetsita, ekoizpenari gutxieneko batean eustea, gero berpiztea errazagoa izan dadin».

Dekretuaren lerro batzuek ate bat zabalduko lukete horretarako, Tapiaren ustez, baina, dioenez, «argitasun handiagoa» behar dute ministerioaren aldetik, «zeren eta ezin dugu jarduerarekin segitu eta gero isunak jaso». Dena den, Tapiak ez du amore eman: «Uste dugu posible dela jarduera hari bati eustea».

Esate baterako, Ekonomiaren Garapeneko Sailak uste du siderurgiak ere aurrera egin dezakeela agian. «Siderurgia ez da aipatzen salbuetsita dauden sektoreen artean, baina, energiaren alorrean, industria elektrointentsiboek badute mekanismo bat etenak ekiditeko, sistema hondatu ez dadin. Orain ez dago %100ean, baina argindar sistemari agian ekarpen bat egiten diola kontuan hartuta, jarraitu ahalko luke siderurgiak». Besteak beste, hori argitzen saiatzen ari dira sailean. «Lan Ministerioak barkamena eskatu ez, baina onartu baitu interpretazio okerrerako ate bat zabalik utzi duela, eta azalpen gehiago emango dituela. Ikus dezagun zer gertatzen den».

Kafea denentzat

Kafea denentzat egon den galdetuta, baietz uste du Tapia sailburuak, ez dela kontuan hartu industriak zenbateko pisua duen euskal ekonomian. «Guztiontzako balio duen dekretu bat egin dute, eta badago sentipen hori: guztiok berdin-berdinak izan behar dugula; eta ez dute kontuan hartu legea guztiontzat berdina izanda ere interpretazio desberdinak egin daitezkeela. Kanarietan dagoen industria jarduerak ez du zerikusirik Euskadin dagoenarekin, adibidez. Maria Txibite presidentea ere horixe bera eskatzen ari zaio Pedro Sanchezi: malgutasuna».

Ekonomistek atzeraldia segurutzat jotzen dute 2020rako, eta Jaurlaritzak berretsi du oso litekeena dela hori gertatzea. Baina aurreikuspen apokaliptikoetatik harago, 2021ean hazten hastea aukera bat dela uste du Arantxa Tapiak. «Datuek esango digute non gauden, baina, ikusita Asian nola eman dioten buelta egoerari, pentsa daiteke hemen ere emango diogula. Hala ere, kontua da mundu mailako soluzio bat behar dela, Txinak orain mugak itxi baititu kutsatze gehiago ez hartzeko kanpotik. Birusa mendean hartu arte merkatu nagusi guztietan, zaila izango da susperraldiari ekitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.