Europako funtsak

Jaurlaritzak Madrili gogorazi dio Europako funtsak ez direla gastu arrunterako

 Jordi Campas Europako Ekonomia eta Funtsen sailburuordeak diru hori turismoan erabiltzeko asmoa kritikatu du. Adierazi du ekonomia eraldatzea dela EBren planaren xedea

Jordi Campas Europako Ekomia eta Funtsen sailburuordea, ezkerretik hirugarrena, Bilbon eginiko hitzaldian. IREKIA
jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 24a
17:46
Entzun

Ez da lehenengo aldia kezka bera agertzen duena. Eusko Jaurlaritzak susmoa du Espainiako Gobernuak Europako Batasunaren Hurrengo Belaunaldia edo Next Generation-eko funtsak erabili nahi dituela koronabirusaren krisiak kalte egin sektore batzuk salbatzeko, turismoa bereziki, eta ez planaren benetako helburuak gauzatzeko. Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak hala ohartarazi izan du, eta Jordi Campas Europako Ekonomia eta Funtsen sailburuordea zabalago mintzatu da horri buruz, kargua hartu zuenetik eginiko lehenengo agerraldian, Bilboko Merkataritza Ganberan.

Argi mintzatu da Campas. Azpimarratu du funtsen erregelamenduak garbi uzten duela ez direla «gastu nazional arruntetarako» erabili behar, «behar bezala justifikatutako kasuetan salbu». Eta gogorarazi du funts horien helburua eraldaketa ekonomikoa dela: «Errekuperazio klabeetan lan egiteak ez du hori bermatzen», azpimarratu du.

Campasen arabera, funts gehienak industriara eta I+G+Bra bideratu beharko lirateke. Nabarmendu du «eraldaketarako palanka gisa» jarduteko ahalmen handiagoa dutela eta alor horietan egindako inbertsioak «eraginkorragoak» direla beste sektore batzuetakoak baino. Turismoaren kasuan, uste du errekuperazioa iritsiko dela txertoarekin eta joan-etorriei jarritako mugak altxatzearekin batera. Industria sektorei buruz, berriz, azpimarratu du datozen urteetan «erronka handiei» egin beharko dietela aurre, «ekonomia, gizarte, eta ingurumen arloan efizientzia eta konponbide jasangarriak garatzeko», EBk eskatu duen bezala.

Leihatilak eta epeak

Campasen iritzian, funtsak «enpresentzako bitarteko gisa ulertu behar dira, eta ez helburu gisa». Uste du «estrategia, posizionamendu eta dibertsifikazio irizpideen arabera» banatu behar direla, eta, horrekin batera, autonomia erkidegoen politika publikoak aintzat hartu behar direla. «Ez da abiadura lasterketa bat, sakonekoa baizik; planteamendu errealistak egin behar dira, funtsak palanka gisa jarriz erabaki estrategikoak gauzatzeko».

Horren harira, gogorarazi du «proiektuen konplexutasuna» aintzat hartu behar dela, eta egitasmo horiek, askotan, urte anitzekoak eta erakundeen artekoak izaten direla. Sailburuordeak uste du Espainiako Gobernua ez dela hori kontuan hartzen ari. Batetik, «ministerio leihatilen» bidezko funtzionamendua kritikatu du. Izan ere, ministerio bakoitzak diru sail bat izango du funtsei lotuta urte bakoitzeko aurrekontuetan. Campasen arabera, egitasmo askoren bideragarritasuna kolokan jar dezake horrek.

Era berean, uste du Bruselak ematen dituen exekuzio epeen «aprobetxamendu osoa» baliatu beharko litzatekeela: 2026ko ekainera arte luzatzeko aukera ematen du. Gobernuaren estrategia, baina, beste bat da: 2021eko bere aurrekontuetan Europako laguntzei dagozkien 24.000 milioi euroak aurten gauzatzeko eskatzen ari da bere ministerioen bidez. Campasen arabera, beharrezkoa litzateke jakitea urtero zenbat diru egongo den erabilgarri, funtsekin egin nahi diren politika publikoak «ondo dimentsionatu eta planifikatzeko».

Enpresei era mintzatu zaie sailburuordea, eta «lasaitasun mezu bat» igorri die. Gogorarazi du deialdiak urteko bigarren hiruhilekotik aurrera hasiko direla, eta, bereziki, bigarren seihilekoan. Eta gaineratu du ministerioentzat interesgarriak diren arloen zerrendetan ez agertzeak edo proiektu jakin bat Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Next Programan jasota ez egoteak ez dakarrela inolako mugarik administrazio publikoen deialdietan parte hartu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.