Jaurlaritzak «malgutasuna» eskatu dio Espainiako Gobernuari Talgoren akordioaren inguruan

Akordioaren azken hitza Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearena dela gogoratu du.

Ribabellosako Talgoren egoitza. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Ribabellosako Talgoren egoitza. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
2025eko uztailaren 9a
10:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak «malgutasuna» eskatu dio Espainiako Gobernuari Talgoren erosketari dagokionez. Jaurlaritzak gaineratu du akordioa bideratzea Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietateari (SEPI) dagokiola.

Astelehenean bost hilabete izango dira akordioa itxi zutela, otsailean erabaki baitzuten akzioen %29,77 Euskal Herrira bideratzea. Sidenor da operazioaren buru. Horrekin batera Eusko Jaurlaritzak —Finkatuz funtsaren bidez—, BBK eta Vital fundazioek parte hartu dute. Akordioa gauzatuz gero, 185 milioi ordainduko dizkiote Trilantic-i. Espainiako Gobernua ez da guztiz ados agertu erabaki horrekin.

Hasieran, Espainiako Gobernuak tratu horren alde egin zuen. Talgo suspertzeko 150 milioi euroko diru laguntza emateko prest ere agertu zen. Orain, ordea, erdia eskaini du; 75 milioi berak ordainduko dituela proposatu du, eta bestea, Eusko Jaurlaritzak, Talgon aurrerantzean inbertsio handiak egin beharko baitituzte. 170 milioi euro zor dizkio Renferi, eta etorkizuneko konpromisoei erantzuteko ere baliabideak falta zaizkio.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Eraldaketa eta Jasangarritasun Sailekoek adierazi dute «eskakizun guztiak» erantzun dituztela, eta «behar ziren urratsak» egin. Orain azken ukituak ematea SEPIren eskuetan dagoela azaldu dute.

Eusko Jaurlaritza «baikor» agertu da. Eragile guztiek «eskuzabaltasunez» jokatuko dutela espero du, eta horrela Talgo bertaratzea lortuko dutela azpimarratu. Talgo 1942an sortu zen Euskal Herrian, eta egoitza nagusia Ribabellosan (Araba) du; beraz, ibilbide gorabeheratsu honen helburuetako bat akzioak euskalduntzea da. Jaurlaritzak azaldu duenez, hori lagungarria izango da Talgok dituen eskakizunei erantzuteko, domino efektu baten gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.