2015ean BPGaren %0,7ko defizit muga zeukaten Hego Euskal Herriko bi gobernuek: Eusko Jaurlaritzak ozta-ozta bete du; Nafarroak, aldiz, gainditu egin du muga. Espainiako Ogasun eta Adminstrazio Publikoen Ministerioak eman du datua. BPGaren %0,69ko defizitarekin itxi zuen iazko urtea Eusko Jaurlaritzak; Cristobal Montoro Ogasun ministroak prentsaurrekoan azaldu du Nafarroak ez duela bete, BPGaren %1,28ko defizitarekin geratu baitzen 2015ean.
Espainiaren kasuan, jakina zena baieztatu egin du ministroak. Madrilek ez du bete Bruselarekin hitzartutako defizit helburua 2015ean: BPGaren %4,2koa zen muga, eta BPGaren %5,16ko defizitarekin itxi du urtea, ia puntu portzentual bat gehiagorekin. Espainiak desbideratutako defizit puntu portzentual bakoitzak 10.000 milioi euroko zuloa suposatzen du, edo beste era batera esanda, Bruselak 10.000 milioi euroren murrizketak egitera behartuko du Madrilgo hurrengo gobernua.
Gizarte Segurantzaren eta Autonomia Erkidegoen defizit desbideraketari bota dio errua Montorok. Erkidegoek BPGaren %0,7ko defizit muga zeukaten 2015erako, eta orotara BPGaren %1,66ko defizitarekin itxi dute urtea. Galiziak, Kanariak eta Jaurlaritzak soilik lortu dute defizit muga betetzea. “Honek erakusten du helburua, zaila izan arren, bete daitekeela. Bete ez dutenek euren burua konparatu beharko lukete bete dutenekin”, Montororen esanetan. Kataluniaren eta Valentziaren defizitak, esaterako, erkidego guztien defizit desbideraketaren erdia baino gehiago hartzen du.
Erantzuna, gastu araua
Montorok desbideraketak konpontzeko neurriak iragarri ditu: “Erkidegoei ez diegu esango gehiago murrizteko, gehiago ez gastatzeko baizik”. Funtsean, gastu araua betetzeko eskatuko die erkidegoei. Aurrekontuen egonkortasunerako legeak jasotzen du gastu araua, eta gastu ez-finantzarioaren gaineko gastua mugatzen die erkidegoei. Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak edo edozein administraziok politika publikoak egiteko aurrekontuetan aurreikusten duen gastua da gastu ez-finantzarioa; hau da, zorra eta zorraren interesak pagatzera bideratzen ez den gastua. Izan ere, legearen asmoa lehentasuna zorraren ordainketan jartzea da. Gastuaren muga ezartzeko Espainiako Gobernuak herrialdearen epe ertainerako BPGaren hazkundea kalkulatzen du —%1,8 2016an—, eta muga hori ezin dute gainditu ez estatu administrazioak ez autonomia erkidegoek.
Legearen arabera, gastu araua bete ez duenak ekonomia eta finantza plan bat aurkeztu behar dio Madrili, eta azaldu noiz eta zelan beteko duen araua. Arau urraketa errepikatuz gero, Madrilek erkidegoaren aurrekontuaren zati bat atxikitzeko eskumena luke, eta, txarrenean, araua bete ez duen administrazioan esku hartzekoa.