Eusko Jaurlaritzako funtzionarioen aspaldiko aldarrikapena zen. Gaur egun, administrazio orokorreko langileek lanaldi zatitua dute, goiz eta arratsalde aritzen dira, udan izan ezik. Martxotik aurrera, baina, lanaldi jarraituan aritzeko aukera izango dute, atzo gobernuak eta sindikatuek adostu zuten aldaketari esker.
Urtean ordu kopuru bera izango dute, 1.592 lanordu guztira, eta soldatan ez da aldaketarik izango. Orain arte, goiz eta arratsalde lan egitearen truke osagarri berezia jasotzen zuten administrazioko langileek. Lanaldi jarraitua aukeratzen dutenei pareko osagarri bat jarriko zaie nominan.
Langilearen esku geratuko da lanaldi mota aukeratzea, «betiere zerbitzuaren beharrak betetzen badira». Lanaldi jarraitua aukeratzen dutenek zazpi ordu eta hogei minutuko lanaldia izango dute astelehenetik ostegunera, eta zazpi ordukoa ostiraletan. Lanaldi zatitukoek orain arte bezala jarraituko dute, eta neguan ordu gehiago lan egitearen truke dituzten librantza egunei eutsiko diete.
Jaurlaritzak onartu duen zirkularraren arabera, martxoaren 12an hasiko da antolakuntza berria. Lanaldia aldatu nahi duten funtzionarioek martxoaren 9a baino lehen jakinarazi behar diote zerbitzu zuzendaritzari. Jakinarazpenik egiten ez badute, orain arte bezala jarraituko dute.
LABen kritikak
Lanaldiari buruzko zirkularra negoziazio mahaira eraman zuen atzo Justizia eta Herri Administrazio Sailak. Aldaketarekin bat egin zuten ELA, CCOO eta UGT sindikatuek. LABek ez zuen sinatu. Lanaldi jarraitua aukeratzea funtzionarioentzat «aurrerapena» dela uste du Patxi Bengoa LAB sindikatuko ordezkariak, udal edo foru langileek aspaldi duten modura. Haatik, ohartarazi du Jaurlaritzaren jarrerak ez duela zerbitzu publikoen kalitatea bermatzen. «Ez da ezer esaten ordezkapenei buruz, ez da zerbitzua lehenetsi». Bengoaren ustez, «pozoitutako gozokia» aurkeztu die gobernuak langileei, orain arte erabaki dituen murrizketak ahazteko.
Administrazio orokorreko langileen baldintzak arautzeko itunaren negoziazioek emaitzarik gabe amaitu zuten abenduan. Soldatan igoerarik ez izateaz gain, gaixoaldietako osagarrien jaitsiera bere kasa erabaki zuen Patxi Lopezen gobernuak. Neurri horien aurkako lau orduko lanuztea antolatu zuten ELAk, LABek eta EILASek hilaren 9an.
Administrazio orokorreko azken ituna 2010. urtean sinatu zuten gobernuak eta sindikatuek.
Jaurlaritzako funtzionarioek lanaldi jarraitua egin ahalko dute martxotik aurrera
ELA, CCOO eta UGT sindikatuek babestu dute aldaketa; ez du langileen soldatan aldaketarik eragingo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu