Eusko Jaurlaritzaren politika «neoliberal arriskutsuak» gogor kritikatu zituen atzo ELAk, Bilbon egindako manifestazio jendetsuan. Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak langileen eskubideak errespetatzea exijitu zion EAEko Gobernuari, salaketa askoren ondotik. Bertaraturiko langileek egindako lanaren araberako soldata aldarrikatu zuten, «zenbat lan, halako soldata», alegia.
Gure neoliberalen aurkako kanpainaren ekintzekin jarraitu zuen ELAk bart. Atzokoa, aitzitik, azken hilabeteetan izandako protestaldietan jendetsuena izan zen. 4.000 lagunetik gora bildu ziren Neoliberalen aurka. Beste politika batzuk posible dira lemapean euskal sindikatuak deituriko manifestazioan. Elorrietaren hitzaldia luze joan zen. «Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiak askotan ados ez dauden arren, langileen aurka egiteko denak batu egiten dira». Azken hilabeetan jazo diren lan gatazken aurrean, Eusko Jaurlaritzak «diktadore gisa» jokatu duela eta jokatzen ari dela iritzi zion Elorrietak.Halaber, «gizarte politika faltsuak propagandaz estaltzea eta gizarte eztabaida ekiditea» leporatu zien. «Diru publikoa erabiliz, hemen inon baino jaialdi gehiago egiten dira», kritikatu zuen Elorrietak. Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariari ere zuzendu zitzaion esanez sindikatuekin lan gatazkak behingoz eztabaidatzeko ordua dela. Orain arte gertatutakoa alderdien «lehen desengainu handia» izan dela iritzi zion ELAko idazkari nagusiak.Neoliberalismoa aldaketa politikoaren aurkari dela ere esan zuen. «Neoliberalek agintzen badute, ez da esparru juridiko berririk izango, jendeak ez baitie jarraituko». Elorrietak gaineratu zuenez, neoliberalak esparru berria sortzeko «antidotoa» dira.Bestelako protestaldi zehatzagoak ere izan ziren atzo. Urtebete greban daramaten Gasteizko Caballito enpresako eta Durangoko Uribarri zaharren egoitzako langileak ere manifestazioan izan ziren, langileen eskubideak errespetatzeko eskatuz.Bestalde, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektoreak unibertsitaterako eskaturiko laguntzak eta AHTren egitasmo «antzua» ere gogora ekarri zituzten manifestariek, bozgorailuen bidez. Eusko Jaurlaritzaren eraikin berean, Euskadi Irratiaren delegazioa dago. Hitzaldian zehar, kritika gogorrak zuzendu zizkion Elorrietak EITB hedabide publikoari: «Gaurko manifestazioan ez daude; Jaurlaritzaren jaialditxo guztietan bai, ordea».
Jaurlaritzaren «neoliberalismo arriskutsua» salatu du ELAk
Lan gatazketan «diktadore gisa» jokatzen duela kritikatu du Jose Elorrietak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu