Eusko Jaurlaritzak enpresen eguneroko gastuak —kapital zirkulatzailea— finantzatzeko abian jarri duen 300 milioi euroren planaren dirua jada hasi da enpresetara iristen. Elkargi Elkarrekiko Garantia Elkarteak jakinarazi duenez, dagoeneko sei milioi euroren maileguak bermatu ditu. 30 milioi bermatzeko beste 96 dosier aztertzen ari dira. Guztira 625 enpresak eskatu dute informazioa mailegu lerro hori baliatu ahal izateko. Esportazioak eta enpresen nazioartekotza finantzatzeko kreditu lerro bereziak eskatu ditu Elkargik.
Lehen deialdian 300 milioi euro jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak finantza erakundeekin elkarlanean, 280 milioi enpresa txiki eta ertainentzat, eta beste hogei milioi autonomo eta profesionalentzat. Maileguen truke, Euriborra +%3,5 ordaindu beharko dute enpresek, eta beste %0,75 eskaera aztertu eta baimenduko duen elkartearentzat izango da, Oinarri edo Elkargirentzat. Gaur egungo baldintzetan, %4,8 da interesa. Joan den urtean Lopezen gobernuak zuen programan baino pixka bat gutxiago da. Enpresak mailegua ordaintzeari utziko balio, inbertsioaren %25 beteko lukete Elkargik edo Oinarrik —enpresa txikientzako bermeak ematen dituen beste sozietateak—, %50 eta %60 artean Espainiako Industria Ministerioaren sozietate batek, eta geratzen den partea, Jaurlaritzak.
Gaur egin du urteroko batzarra Elkargik, Donostiako Kursaalean. Horretan Jesus Alberdi kontseilari ordezkariak azaldu duenez, 2012an 263,6 milioi euroren bermeak eman zituen Elkargik —2011n baino %31 gehiago—. Berme horien truke 4,7 milioi euroren irabaziak izan ditu Elkargik, eta %14,8ko kaudimena lortu du.
Batzarraren ondoren prentsaren aurrean egindako agerraldian, egoera ekonomikoarekin oso kezkatuta azaldu da Josu Sanchez Elkargiko presidentea. Dei egin die administrazioei erabateko austeritateko politika alde batera uzteko: "Ez da posible barne eskaria erabat lehorra eta kanpokoa geldi daudenean, eta langabezia dagoen mailan egonda, doikuntza politikak soilik indarrean jartzea; beharrezkoak dira, baina hazkundea sustatzeko politikak ere behar dira".
Ildo horretatik, defizitaren mugak biguntzeko eskatu du —"moldatzea eta malgutzea", haren hitzetan—, eta horrek gobernuen esku utz ditzakeen diruak ekonomia sustatzeko neurrietara eta inbertsioetara bideratzea, horien bidez enplegua sortzeko. Diputazioei ere eskaera egin die Sanchezek, enpresen gaineko zergak handitu ez ditzaten. "Zerga sistemaren edozein erreformak inbertsioa, lehiakortasuna eta enpresa ekimen berriak sortzea izan beharko luke helburu, horiek inbertsio, enplegu eta diru bilketa handiagoa dakartelako. Uneotan ulergaitza da enpresen gaineko kargak handitzea". Gipuzkoako Batzar Nagusiak sozietate zergaren hobari gehienak kentzeko proposamena aztertzen ari dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere bide horretatik joateko asmoa azaldu du.