Jokalari berriak

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bankuen sektorean aktore berriak agertu izana finantzen oraina eta etorkizuna aldatzen ari da, eta adituek diote fenomeno hori dela banku tradizionalen mehatxu nagusia; aurreikuspenen arabera, baliteke 2025erako ohiko bankuen diru sarreren %10 eta %40 artean arriskuan egotea lehiakide berri horiengatik.

Ordainketa sistemetan, esaterako, enpresa teknologiko handiak muturra sartzen ari dira. Googlek, Facebookek eta Amazonek, adibidez, banku lizentziak dituzte Lituanian, Irlandan eta Luxenburgon; Facebook Libra kriptodirua garatzen ari da; Applek Apple Card sortu du Goldman Sachsekin batera... Gero eta banku gehiago ari dira enpresa horiekin zubiak eraikitzen, teknologia berrietan oinarritutako finantza enpresekin (fintech) egiten ari diren bezalaxe.

Baina zer ekarpen egin diezaiokete enpresa horiek bankuen sektoreari? Datuak. Merkatu iragarpenak, joerak eta bezeroak aztertzeko aukera ematen diete, produktu pertsonalizatuak eskaini ahal izateko, lehiakorragoak izateko.?

Horiez gain, fintech edo neobanku deiturikoak daude. Produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ari dira, hain zuzen ere, bankuek lehiakor izateari utzi dioten eremu batzuetan. %100 digitalak direnez, kostu operatibo gutxiago dituzte, eta, negozio lerro bakarrean edo gutxitan kontzentratzen dutenez euren jarduna, komisio txikiagoak kobratzen dituzte.

Beste joera bat finantza deszentralizatuetatik dator, blockchain teknologian oinarritutakoak. Aplikazio kriptografikoen bidez, erabiltzaileek har dezakete beren aktiboen gaineko kontrola. Bereziki fintech-ak ari dira erabiltzen teknologia hori, baina bankuen sektoreko beste edozein jokalarik ere produktu digital berriak gara ditzakete: kriptodibisak, kontratu adimendunak... Aditu askorentzat, blockchain teknologia da, gaur egun, banku tradizionalentzat mehatxu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.