Ekonomia

Jose Elorrieta: "Jendeaz abusatzen ari dira enpresaburuak"

Enpresaburuen kolektiboak langileak mespretxuz tratatzen dituztela iritzi dio Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak; hain zuzen ere, enpresak diru asko irabazten ari direla nabarmendu du, eta, bitartean, Hego Euskal Herriko enplegatuen ia erdia lan baldintza kaskarretan dagoela. Hain zuzen ere, ELAren ahalegina egoera hori zuzentzea dela adierazi du ETB2ko 'El Punto' saioan egin dioten elkarrizketan.

2004ko urriaren 19a
11:35
Entzun
"Enpresaburuak diru asko irabazten ari dira, eta jendez abusatzen; ia-ia enplegatuen erdiaz abusatzen. Gero beren burua zuritzen eta irudi aldetik ondo geratzen saiatzen dira. Baina lan arloan oso politika gogorra ari dira egiten", esan du Elorriagak.

Kopontzeko bidean jarri berri den Basauriko (Bizkaia) garbitzaileekin gertatutakoa jarri du enpresaburuen jarrera horren adibide. "Patronalaren jarrera umiliatzea eta zigortzea da; lan baldintzetatik haratago doan arazoa da, langileen duintasuna dago auzitan", nabarmendu du.

Testuinguru horretan ELA sindikatuak bi aukera dituela adierazi du: errealitatearen aurrean itsu izan, edo bestela, gertatzen ari denaz jabetu eta langileen egoera zailari aurre egin. Euren apustua bigarren aukeraren aldekoa dela agertu du Elorrietak; hots, lan baldintza prekarioetan ari den jendea, "batik bat, gazteak eta emakumeak", defenditzea.

ELAko idazkari nagusiaren iduriko, Confebask patronalarekin duten ika-mikaren arrazoi nagusia horixe da: enpresaburuen praktika abusatzaileari aurre egiten diotela.

SEPIren plana, "Naval ixteko bidea"

Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolaren etorkizunari buruz ere hitzegin du Elorrietak, eta Espainiako enpresa publikoak kudeatzen dituen SEPI elkarteak aurkeztu duen plan berria "Naval ixteko bidea" dela adierazi du. Ildo horretatik, Navalen egoera gaitzaren arduradun bakarra Espainiako Gobernua dela agertu du ELAko idazkari nagusiak, "hura baita jabea, kudeatzen duena".

Ildo horretatik, Madrilek ontziolen defentsan Bruselan gogorrago jokatu beharko lukeela iritzi dio. Nolanahi ere, Sestaoko Navalen aferak dimentsio politikoa duela uste du Elorrietak; hau da, ez dela kasualitatea galbidean jarri den ontziola ia bakarra Euskal Herrikoa izatea. "Lehenego Euskalduna itxi zuten hartarako arrazoi tekniko eta ekonomikorik gabe, eta orain Naval, orduan bezala arrazoi tekniko eta ekonomiko gabe. Beraz, irakurketa politikoa egitea ezinbestekoa da, eta PSE oso ahul dabil horri aurre egiteko", esan du.

Sukaldarien auzia, "botere judizialaren erabileraren adibide

Espainiako Auzitegi Nazionalean inputatu gisa deklaratu behar izan duten Euskal Herriko sukaldarien auzia ere hizpideizan du ELAko idazkari nagusiak. Elorrietaren iduriko, afera hori "botere judizialaren erabilera politikoaren" adibide garbia da. "Lehenago kultur arloko pertsonei egokitu zitzaien, orain sukaldariei... Baina sakonean dagoen arazoa da helburu politiko gaiztoekin egindako botere judizialaren erabilera".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.