Itsasorik ez, baina Arabak lehorreko portua izango du aurki. Gasteiztik hamar kilometrora, Jundizko industrialdean kokatuko da, eta uztailaren 1ean jarriko dute martxan. Merkantzien garraiorako logistika gunea izango da, Bilboko Portuaren luzapen moduko bat, bi portuak trenbidez lotzea hitzartu baitute Renferekin. Proiektuaren sustatzaileek atzo azaldu zituzten haren nondik norakoak, Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Herri Lanen sailburuordeak, Patxi Lazkoz Gasteizko alkateak eta Gregorio Rojo Arabako Merkataritza Ganberako presidenteak egin zuten agerraldian.
Aurten lehorreko portuakmilioi bat tona salgai mugituko dituela aurreikusten dute, egunean 750 metro luzeko tren bat osatuta. Datorren urtean, berriz, bikoitza: bi milioi tona. Seihilabeteko bakoitzean milioi bat tona merkantzia mugitzea litzateke, beraz, bi urteotarako asmoa.
Momentuan, Gasteizko garraio eta logistika gune intermodalean dauden azpiegiturak erabiliko dituzte. Baina uste dute Espainiako Gobernuak bere Plan Nazionalean sartuko duela Jundizen logistikako plataforma bat eraikitzeko lana. Sustatzaileek hala uste dute, behintzat.
Madrilen erantzunaren zain
Eusko Jaurlaritzako Garraio Departamentuak Jundizko logistika gunea plan horretan sartzeko eskatu dio Espainiako Azpiegitura Ministerioari. Merkantzien transferentziarako nodo nagusi izaera aitortzen badio, plan horretara bideratutako 120 milioi euroko aurrekontuaren zati bat Jundizera joango litzateke. Espainiako Gobernuak gutxi barru aurkeztuko du plana, eta Gascok ziurtzat jo du erantzuna baiezkoa izango dela.
Lehorreko portuak itsasertzekoa lehiakorrago egingo duela uste dute bultzatzaileek, haren konexio aukerak ugarituko dituelako. Orain arte, itsasontziz zetozen ia salgai guztiak errepidez banatzen zituzten, kamioietan. Gascoren hitzetan, «Bilboko Portutik merkantzien %1,5 bakarrik irteten dira trenean, eta laguntza azpiegitura egonkorrik gabe». Aurrerantzean, aukeratu egin ahal izango dute errepidez edo trenez garraiatu nahi dituzten salgaiak.
Lehorreko portua «Araba eta Bizkaiarentzat eta, oro har, Euskadi osoarentzat proiektu estrategikoa» dela iritzi dio Gascok, ekonomiaren garapenean urrats garrantzitsua izango delako. «Bilboko Portuaren Mediterraneorako atea izango da». Egitasmoa babesten duten eta hura garatzen lagundu duten instituzio eta erakundeek, Espainiako Gobernuaren erantzunaren zain egon gabe, hura lehenbailehen martxan jartzea hobetsi dutela azaldu du Jaurlaritzako ordezkariak, beste autonomia erkidego batzuk ere antzeko egitasmoak garatzen ari direlako.
Jundizko industrialdea 'lehorreko portu' gisa hasiko da lanean uztailaren 1ean
Bilboko Portuaren jarraipena izango dela diote sustatzaileek, bi guneak trenbidez loturik egongo direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu