Kaikuren kontrola Suitzako Emmi konpainiari eman diotela salatu du EHNEk

Markak Euskal Herrian salduko duen esnea hemen ekoitzitakoa izatea ez dela bermatuko ohartarazi dute

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2009ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Iparlatek Kaiku korporazioan zituen akzioak Suitzako Emmi multinazionalari saltzea erabaki zuen joan den martxoaren 31n. Horri eta Nafarroako Rural Kutxari erositako beste akzio multzo bati esker, Emmik dagoeneko taldearen %40 baino gehiago du. EHNEko baserritarren aburuz, gaur egun «kontrolpean» du Kaiku.

Suitzako multinazionalak hamabi milioi euro inguru ordaindu ditu akzioen truke. Operazioa azken bizpahiru urteetan egondako «lan zikinaren» ondorio dela uste du nekazari eta baserritarren sindikatuak.

Erabakia hartzeko moduarekin ere haserre daude. Izan ere, akzioak saldu baino bost egun lehenago eraman zuten eztabaida Kaiku kooperatibaren batzarrera. Kooperatiba hori da Iparlateko akziodun nagusia. «Erabakia hartuta zegoen», salatu du Mikel Kormenzanak, EHNEko ordezkariak. «Ezin da onartu halako erabaki bat baserritarrei bizkarra emanda hartu izana».

Kaiku korporazioa indartzeko kapital gehikuntza batean ari dira parte hartzen baserritar asko. Esne produkzioaren parte bat kapital hori ordaintzeko erabiltzen ari da. «Orain ordaintzen jarraituko dugu, baina multinazional baten mesederako», esan du Kormenzanak.

Mercadonarekin akordioa

EHNEren aburuz, akzioak saltzeko aitzakia Iparlatek Mercadona banaketa taldearekin sinatutako akordioa izan da. Hitzarmen horren ondorioz Euskal Herrian Kaiku, Gurelesa, Beyena eta Irabia markarekin merkaturatzen den esnea hemengoa den ezingo dela bermatu ziurtatu zuen Kormenzanak. «Gure esne guztia Mediterraneora doa, ez dakigu zer aterako den Kaikuko kutxetan. Ez dakigu Emmik hemengo esnea salduko duen edo Poloniatik ekarriko duen».

Datozen asteotan mobilizazioei ekingo die EHNEk. Edonola ere, salmentaren nondik norakoak ezagutzeko, Kaikuko kooperatibistekin ezohiko batzarra egitea exijitu dute. Era berean, baserritarrek Iparlaten zituzten akzioetatik lortu den dirua abeltzainen artean banatzeko eskatu dute, sektoreak egoera latza duelako.

EHNEren arabera, aurten hamahiru zentimo jaitsi da esnearen salneurria, eta ekoizpen kostuaren azpitik saltzen ari dira. Etorkizun beltza iragarri dio Kormenzanak sektoreari. «Azken hogei urteotan %90 desagertu da, eta aurki ez da ezer geratuko». EHNEk parte hartuko du sektorearen egoera salatzeko Madrilen gaur egingo den manifestazioan.



Zenbakia

13

Esnearen salneurria. EHNEren arabera, aurten dagoeneko hamahiru euro zentimo jaitsi da esnearen truke baserritarrei ordaintzen zaien dirua. Gaur egun litro bakoitzeko 30 zentimo inguru jasotzen ari direla salatu dute sindikatuko ordezkariak, eta kopuru horrekin ez direla produkzio gastuak berdintzen ohartarazi dute.





Emmi: esne eta gazta sektorean 1.800 milioi euroren salmentak dituen taldea

Orain dela lau urte sartu zen Suitzako Emmi konpainia Kaiku korporazioan, akzioen %22 ingururekin. Sortzez, antzeko jatorria dute bi enpresek, Suitzakoak tradizio handiagoa izanagatik. Euskal Herrian bezala, ekoizleen elkarte batetik sortu zen Emmi, 1907. urtean. Haatik, 1993an eginiko egitura aldaketari esker, esne produktuen sektorean zabaltzen hasi zen, Emmi AG izenarekin.

Batez ere, Alemanian, Italian, Austrian, Erresuma Batuan eta AEBetan egin ditu inbertsioak Emmik. Kaikuren bidez, bere helburua Espainiako eta Hego Amerikako merkatuetan sartzea zen. Frantziara Ambrosi gazta enpresaren eskutik iritsi da. Joan den urtean 1.800 milioi euroren salmentak izan zituen Emmik, eta 30 milioi euroren etekin garbiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.