Berdin langile edo langabe izan, irakasle edo erizain, gazte edo erretiratu. Batzuk zein besteak, herritarrak oro har, murrizketei izkin ezin eginda dabiltza azkenaldian. Asteazkenean Raxoiren gobernuak iragarritakoekin beste kolpe bat hartu dute; azken urteetako «handiena», zenbaiten ahotan. Murrizketak ez dira, ordea, herritarrak kezkatzen eta amorratzen dituzten bakarrak: «Dirua kentzen ari zaizkigu bankuei emateko». Hala salatu zuten atzo dozenaka gizarte eragile eta sindikatuk Bilbon. Ohartarazi dute Espainiako Gobernuaren jarrera ikusita ez direla geldirik geratuko, eta mobilizazioak antolatu dituzte datorren astearte eta asteazkenerako, «lehen urrats gisa». Asteartean, Lanbideko eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuen aurrean egingo dituzte agerraldiak, 11:00etan; asteazkenerako, berriz, elkarretaratze zaratatsuak iragarri dituzte eskualdeka, 19:00etarako.
Langile publikoak, kexu
Gaur egungo politika «bidegabea eta moralik gabea» dela iritzi diote, gizartea «pobretu» besterik egiten ez duelako. Gainera,Espainiako Gobernuari «gezurretan» aritzea leporatu diote, bere benetako asmoak ezkutatzen saiatu eta sasi informazioak zabaldu dituelakoan. Murrizketen gainetik irtenbidea badela aldarrikatu dute: «Ozen esan nahi dugu alternatiba errealak egon badaudela borondate politikoa badago». Irtenbiderako funtsezkotzat jo dute zerga zein gizarte politikan aldaketak egitea. Adierazpenarekin bat egin dutenen artean daude Hego Euskal Herriko langabeen taldeak, talde ekologistak, gazteen eta erretiratuen elkarteak,pobreziaren aurkakoak eta ELA, LAB, EILAS, EHNE, Hiru, CGT-LKN eta CNT sindikatuak.
CCOO sindikatuak ez du baztertu greba orokor batera deitzea. «Datorren murrizketarako oinarriak ezarriko ditu honek», ohartarazi du Unai Sordo idazkari nagusiak. CCOOk deituta, protesta egin zuten atzo ehun bat langile publikok Bilbon, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean. «Lana, duintasuna eta eskubideak» aldarrikatu zituzten, Espainiako Gobernuaren neurrien aurka. Langile publikoei Eguberrietako saria kenduko die, baina ikusteko dago Hegoaldean eragingo duen.
ELA eta LAB sindikatuek ere elkarretaratzera deitu zuten atzo Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Zerbitzu publikoak garatu lelopean. Juan Carlos Marcos LABeko administrazio arduradunak esan zuen enpresariek eta finantza arloko eliteak «diseinatutako» murrizketak direla, eta ziurtzat eman zuen indarrean dagoen ereduak ez duela balio Euskal Herriko langileen interesen alde egiteko. Haren arabera, azken bi urteetan langile publikoen erosteko ahalmena %20 gutxitu da: «Gastatzeko diru gutxiago badute, ez da suspertuko ekonomia».
Krisia eurogunean. Espainiako Gobernuaren neurriak
Kalera irteteko deia, «herritarren dirua» bankuei eman dietela salatzeko
Hego Euskal Herriko dozenaka gizarte eragile eta sindikatuk Raxoiren gobernuaren neurrien kontra egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu