Kaleratutako lankideak berriz hartu arte, greban jarraituko dute Demanen

Enpresak dio 650 makina kendu behar izan dituela eta milioi bat euro galdu dituela lanuztearen ondorioz

Atzo Beasainen egin zuten agerraldia. LANDER F. ARROYABE / ARGAZKI PRESS.
Urretxu
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Autobar vending enpresak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen 70 bat langileetatik gehienek hilabetetik gora daramate greban. Ez dituzte onartzen multinazionaleko zuzendaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek Madrilen hitzartutako erregulazio neurriak eta kaleratzeak. Azken asteetan bota dituen 12 langileak berriz hartzeko eta enpresako itunean onartutako lan baldintzak errespetatzeko eskatzen diote zuzendaritzari. Bestela, ez dira lanera itzuliko.

Arazoak iragan udan hasi ziren, Autobar Spain multinazionalak Deman erosi zuenean. «Berehala lau langile kaleratu zituen, inolako azalpenik eman gabe, eta lau eguneko grebarekin erantzun genion», kontatu zuen Ibon Fontan ELA sindikatuko ordezkariak atzo, Beasainen eta Urretxun egindako agerraldietan. Irailean okerrera egin zuen egoerak, Autobar Spainek penintsulako beste hainbat vending enpresa bereganatu zituenean. «Madrilera deitu gintuen zuzendaritzak, bere eskaintza entzutera». Gauzak garbi azaldu zizkien. «Bi gauza esan zizkigun: penintsulako langile guztion lan baldintzak berdintzeko asmoa zuela eta 120 langile kaleratzeko erregulazio bat aurkeztuko zuela».

Biak berri ezin txarragoak Demaneko langileentzat, berdintzeak lan baldintzen okertzea esan nahi zuelako —orain arte metaleko lan ituna hobetzen zuen enpresako itun bat zuten—, eta erregulazioak kaleratzeak ekarriko zituelako.

Erregulazioa negoziatzeko mahai bat osatzeko agindu zien zuzendaritzak. Hego Euskal Herriko, Espainiako, Kataluniako eta Galiziako langileen ordezkariek osatu zuten mahai hura. «28 ordezkariko mahai bat zen.26 CCOO eta UGTk zituzten eta bi genituen guk. Guk, ordea, hasiera-hasieratik uko egin genion negoziatzeari, ez geundelako ados erregulazioarekin, ez forman eta ez edukian».

Abenduaren 28an dosierra indarrean jartzeko baldintzak hitzartu zituzten zuzendaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek. Urtarrilaren erdialdera onartu zuen Espainiako Lan Ministerioak. Eta Autobar Spainek berehala jarri zuen indarrean. 12 lagun kaleratu zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lantegietatik. «Behin eta berriz eskatu genion zuzendaritzari Urnietara etortzeko gurekin hitz egitera, baina ez zigun kasurik egin. Eta aurrez abisatu bezala, grebari ekin genion». Fontanen esanetan, badaude enpresa euren borondatez utziko luketen langileak, «baina enpresak ez du ezer negoziatu nahi izan».

Lehendabiziko bilera

Langileen ordezkariak eta zuzendaritza herenegun bildu ziren lehenengoz, Iruñean. Biltze hutsa «aurrerapausotzat» jo zuen Fontanek, baina adierazi zuen bileran ez zutela inolako aurrerapenik lortu. «Betiko diskurtsoarekin etorri zen, eta Madrilen hitzartutakoaren oso antzerako eskaintza jarri zigun mahai gainean. Guk, noski, ezetz erantzun genion».

Angeles Alvarez Autobar Spaineko Giza Baliabideetako zuzendariaren hitzetan, aldiz, enpresak badu negoziatzeko borondatea, baina dio onartezinak direlako ELAko eta LABeko ordezkarien eskaerak. «Kaleratutako langileak berriz hartzeko eta borondatezko kaleratzeak onartzeko eskatzen digute, baina guk ez daukagu hori egiterik, lan agintaritza batek onartu zuelako langile haiek kaleratzea. Borondatez kalera joan nahi dutenek, berriz, ateak zabalik dituzte». Gainera, Demaneko langileentzat gainontzeko kaleratuei eman dizkietenak baino kalte-ordain handiagoak nahi dituztela esan du Alvarezek, eta hori ez dela bidezkoa.

«Enpresaren nahia greba lehenbailehen bukatzea da, diru eta bezero asko ari garelako galtzen». Haren esanetan, lanuztearen ondorioz 650 makina kendu behar izan dituzte, eta milioi bat euro galdu. «Ez dut gezurrik esango, akordioa egitea ez da erraza izango, jarrerak oso urrun daudelako. Bien bitartean, lan egin nahi duten langileak babestea eta bezeroei ahalik eta zerbitzu onena ematen jarraitzea izango dira gure egitekoak».

Demaneko langile guzti-guztiak ez baitaude greban. Batzuek lanera joateko hautua egin dute, eta jazarpena salatu dute. Aurpegia estalita zeramaten hainbat lagunek enpresako autoen gurpilak zulatu dizkietela, lanerako erabiltzen dituzten furgonetetan pintaketak egin dizkietela, makinak saboteatu dizkietela... salatu dute. Baina ez hori bakarrik. Prentsa ohar batean diotenez, lan esparruan ez ezik, bizitza pertsonalean ere erasoak egin dizkiete grebalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.