CNA Taldeak joan den astean hartu zuen konpromisoa Edesa Industrialerako bideragarritasun plan berria proposatzeko. Gaur aurkeztu dio proposamena langile batzordeari, eta kaleratzeak gutxitzea da egin duen aldaketa. 160 langileri eutsiko lieke, eta haiei %10 apalduko lieke soldata. Arrasateko planta (Gipuzkoa) ixteko asmoari eutsi dio, eta jakinarazi du ostiralean enpresa erregulatzeko txostena aurkeztuko duela, langileek proposamena onartu edo ez.
Edesaren egoitzan bildu dira gaur zuzendaritza eta langile batzordea, eta, bileraren ostean, enpresak berak jakinarazi du langileei egin dien proposamena. "Lanpostuei gutxiago eragiteko ahalegina egin dugu".
Proposamena martxan jartzeko, langileen onespena behar du enpresak, eta baita inbertsiogilearena ere. Ostiralera arteko epea eman die langileei horretarako. Edonola ere, ostiralean enplegua erregulatzeko txostena aurkeztuko du enpresak. Itxuraz, langileek proposamena onartuko balute, lanean geldituko liratekeen 160 lagunei ez lieke eragingo txosten horrek.
"Plan bera aurkeztu du zuzendaritzak"
Langile batzordea ez da gustura atera bileratik. "Enpresak plan bera aurkeztu du", salatu du, bilera ostean kaleratu duen oharrean. "Labeak muntatzeko proposamena" da enpresak egin duen berrikuntza bakarra, langile batzordearen arabera, eta horrek 160 langilerentzako lanpostuak sortuko lituzke "gehienez"; eta ez derrigorrean. 160ko gehienezko lanpostu kopurua hasierako proposameneko gehienezko zifra bera dela ohartarazi du.
"Drama sozial bat" da langile batzordearen irudiko, eta eragileei eskatu die esku hartzeko. Horregatik, bilerak eskatuko dizkie Jaurlaritzari, Fagorri eta Ekimen Berriri.