Agintaldia gastu publikoa murriztuta eta zergak handituta hasi ostean, lan merkatuaren erreformarekin jarraitu du Portugalgo Gobernu kontserbadoreak. Patronalarekin eta UGT sindikatu sozialistarekin akordioa izenpetu du, lan kostuak eta langabeziaren gastuak gutxitzeko.
Horrela, aurrerantzean txikitu egingo dira kaleratzeengatik langileek jasotzen dituzten kalte-ordainak, eta errazagoa izango da langileak botatzea: behargina «postura ez egokitzea» kaleratzeko arrazoi izango da, baita lanpostua desagertu izana ere.
Langabezia saria ere txikituko da. Gehienez, 37 hilabetez jaso zitekeen orain arte, baina 26 hilabetez jaso ahal izango da orain. Gainera, aparteko lanorduen gainsaria txikitu egingo dute, eta atseden egun gutxiago izango dira: lau jaiegun kendu dituzte, eta urtebetean lanera huts ez egiteagatik langile batzuek jasotzen zituzten hiru opor egunak galduko dituzte. Bidean geratu da beste neurri polemiko bat: egunero ordu erdi gehiagoz doan lan egitearena.
Portugal Erreforma Europako Batasunarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin hitzartutakoa baino «anbiziotsuagoa, berritzailegoa eta ausartagoa» delako pozik azaldu da Pedro Passos Coelho lehen ministroa. «Orekatua» da, eta Portugalek duen krisiaren interpretazio errealista baten ondorioz egindakoa.
Akordioa oso begi txarrez hartu du Portugalgo sindikatu nagusiak, CGTP komunistak. «Sistema feudalera itzultzea da», ziurtatu du, eta dagoeneko hasi ditu haren aurkako protestak.
Kaleratze merkeagoak eta opor txikiagoak izango dira Portugalen
Lan merkatuaren erreforma «ausarta» hitzartu du Lisboak patronalarekin eta UGT sindikatuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu