Kaleratzeak adostuta, Ercoreca berritua datorren asteartean zabalduko dute

Uvesco taldea Hego Euskal Herriko banaketa katerik handienetakoa izango da, 193 saltokirekin

Jose Ramon Fernandez de Barrena eta Eulogio Sanchez, Uvescoren arduradunak, atzo. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Hiru hilabete dira Uvesco taldeak Erroreca supermerkatu katea erosteko asmoa azaldu zuela. Eta asmo horrekin aurrera egin du.Ofizialki, astelehenean gauzatuko dute operazioa. Eta, ordutik aurrera, talde gipuzkoarrarenak izango dira Ercoreca kateko 50 dendak. Horrela, Hego Euskal Herriko banaketa katerik handienetakoa bihurtu da Uvesco, 193 saltokirekin.

Erosketaren ondorioz, 83 langile kaleratu behar izan ditu Ercorecak. Izan ere, erosketa gauzatzeko baldintza gisa, katearen etorkizuna bermatzeko modukoberregituraketa bat egiteko eskatu zion Uvescok. Kaleratzeak, baina, adostutakoak izan dira, Ercorecako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek adostutakoak, Jose Ramon Fernandez de Barrena Uvesco taldeko zuzendariaren arabera.

Zehazki, zerbitzu zentraletako langileak kaleratuko dituzte, hau da, bulegoetan eta biltegietan lan egiten dutenak. Fernandez de Barrenak azaldu duenez, Uvesco taldeak baditu zerbitzu zentraletarako langileak, eta, horregatik, esan du ezinezkoa zela Ercorecakoen lanpostuak mantentzea. Halaber, 800 lanpostu ingururi eutsiko dietela adierazi du.

Aldaketa ofiziala abuztuaren 1ean gauzatuko da, datorren astelehenean. Egun horretan, Ercoreca kateko dendak itxita egongo dira, beharrezkoak diren aldaketak egiteko. Besteak beste, sistema informatikoaren egokitzapena, langileen prestakuntza eta etiketen aldaketa izango dira egin beharko dituzten moldaketa nagusiak. Abuztuaren 2an, asteartean, 24 denda zabalduko dituzte, eta gainontzekoak hurrengo egunetan.

Behin Uvescoren esku egonda, zenbait aldaketa egongo direla iragarri du Fernandez de Barrenak. Horrela, salneurriak jaitsiko dituztela azaldu du. Batez beste %12 merkatuko dituzte, hornitzaileekin erosketa baldintza hobeak baitituzte, zuzendariaren arabera. Zehazki, ontziratutako elikagaien eta lurringintza produktuen salneurriak izango dira merkatuko dituztenak. Bestalde, hornitzaile nagusiak mantenduko dituztela aurreratu du, eta zerbitzu hobea eskaintzeko, produktuen aukera zabalduko dutela. Bezeroen leialtasuna ez galtzeko, berriz, Ercoreca markari eutsi egingo diotela esan du taldeko zuzendariak. Era berean, jakinarazi du oparien truke aldatzeko pilatutako puntuak diruaren truke aldatuko dizkietela bezeroei.

Katearen hedapena

Sortu zenetik, supermerkatu kate txikien erosketarekin, handituz joan da Uvesco taldea. Gaur egun, 143supermerkatu ditu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Kantabrian (Espainia) banatuta. Guztira 2.600 langile ditu, eta 2010ean 465 milioi euro fakturatu zituen.

Bizkaian, 41 denda —guztiak BM markapean—eta 622 langile ditu taldeak, eta, iaz,119 milioi euro fakturatu zituen. Ercoreca katearen erosketarekin, 50 denda gehiago izango ditu. Gainera, 2011n BM markako sei denda irekitzeko asmoa azaldu du Fernandez de Barrenak. Horietatik bi zabalik daude dagoeneko, bata Irunen eta bestea Bilbon. Aurki beste lau irekiko dituzte: Ermuan, Bilbon, Lasarten eta Donostian.

Azkeneko bost urteetan 100 milioi euroko inbertsioa egin du Uvescok. 2010ean, adibidez, lau denda ireki zituzten Lizarran, Irunen, Bermeon eta Galdakaon. Zuzendariak azaldu duenez, krisia ongi eramaten ari dira eta erosketa berrirekin hobekuntzak espero dituztela aitortu du. Era berean, Ercorecaren egoerak hobera egingo duela uste du, krisiak gogor jo baitu supermerkatu kate hori. Enpresa bizkaitarra erosita, Uvesco Hego Euskal Herriko banaketa enpresa handienetakoa izango dela esan du Fernandez de Barrenak, metro koadroei eta supermerkatu kopuruari dagokionez talde handiena baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.