lan erreforma

Kaleratzeen kalte-ordainak inposatzeari uko egin dio Frantziako Gobernuak

Lan kodearen erreforma bigundu du Vallsek, sindikatu erreformistak erakartzeko

Iker Aranburu.
2016ko martxoaren 14a
09:04
Entzun

Hamarnaka mila lagunen protesta gertatu eta bost egunera Lan Kodearen erreforma proiektuan aldaketa batzuk egin ditu Frantziako Gobernuak. Manuel Valls lehen ministroak arratsalde hasieran aurkeztu die legegai berritua gizarte eragileei. Datorren asteko asteazkenean onartzeko asmoa du, uda aurretik indarrean jar dadin. 

Erreformak eztabaida bizia sortarazi du PS alderdi sozialistaren barruan. Ezkerreko adarrak, Martine Aubry Lan ministro ohia buru duela, hitz gogorrekin salatu du. PStik ezkerrerako taldeak eta sindikatu guztiak aurka azaldu dira, baina azken horien artean bada alderik. Batzuek —CGT, FO, Solidaires eta LAB Ipar Euskal Herrian—, lege proiektua atzera botatzeko eskatu dute; beste batzuek, CFDT buru dutela, prest azaldu dira negoziatzeko, betiere Gobernuak puntu batzuk aldatuz gero.

Azken horiei egin diete keinua Vallsek eta Myriam El Khomri Lan ministroak. Haien eskaera nagusietako bat aintzatu hartu du: kaleratze bidegabeetan Prud'homme edo Lan Auzitegiek erabakitzen dituzten kalte-ordainetan mugak ezartzea. Legegai berrituak zenbait aholku emango ditu kalte-ordain horiek gutxitzeko helburuarekin, baina ez ditu derrigorrezkoak egingo.

Arrazoi ekonomikoengatik kaleratzeak justifikatu ahal izatea errazago egiteko helburuari eusten dio Frantziako Gobernuak, eta horregatik eutsi egin die kaleratzeak arrazoitzeko egin dituen proposamenei, hala nola, negozio kopurua jaistea edo galera operatiboak izatea nahikoak izatea lan taldea gutxitzeko. Halaber eutsi dio arrazoi horiek baliatzeko nahikoa izatea multinazionalen Frantziako adarren kontuei begiratzea. "Frantziak leku erakargarriagoa izan behar du nazioarteko inbertsoreentzat, eta hortara dator perimetro nazionala [erabiltzea]". Baina legegai berrituak zenbait tresna izango ditu multinazionalen gehiegikeriak eragozteko. "Berme batzuk egon behar dute: talde handiek ezin izango dituzte beren Frantziako adarrei nahita zailtasun ekonomikoak eragin kaleratzeak justifikatzeko", ziurtatu du Vallsek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.