Irizarrek autobus elektrikoen alde egindako apustuaren fruitua da Adunako lantegia. 2011. urtean hartu zuten Ormaiztegiko kooperatibak arlo horretan inbertitzeko erabakia, eta dirutza sartu du horretarako: 2020ra bitartean 75 milioi inbertituko ditu autobus elektriko oso bat eskaini ahal izateko.
Inaugurazioa gaur izan arren, duela urtebete hasi ziren autobusak egiten Adunako fabrikan. Gaur egun, 150 langilek bi egunean behin autobus bat egiten dute, baina irailetik aurrera, egunean bat egitea da asmoa. Horretarako, beste 50 langile kontratatuko dituzte urtea bukatzerako. Datozen bost urteetan beste 300 edo 500 lanpostu sortzea espero dute.
Autobusak eta horiek argindarrez kargatzeko eta energia biltzeko hirietan jarri beharreko azpiegiturak ere egiten dituzte Adunan.
Aurki hasiko dira buru-belarri proiektu berri batekin: kamioi elektrikoa. Autobusen teknologia propio berdina erabiliko du kamioiak. Printzipioz, hirietan zerbitzuak ematen dituzten kamioiak egitea da asmoa. Zaborra biltzeko kamioiak, esaterako. Bi kamioi egiten ari dira orain, eta proba guztiak egin eta homologazioak egin ondoren, datorren urtearen hasieran hasi nahi dute merkaturatzen.
2014, lehen autobus elektrikoa
Lehen autobus elektrikoa, Irizar i2e modelokoa, 2014n entregatu zion Irizarren Donostibusi, eta urte hartan beste bi hirik ere jaso zituzten autobus elektrikoak. Orduz gero kontratu mardulak lortu ditu, besteak beste, Euskal Elkargoarekin Baiona-Angelu-Miarritzerako hemezortzi autobus hornitzeko. Bilbon eta Iruñean ere badabiltza Irizarren ibilgailu elektrikoak.
Azken bi urteetan hasi da erritmoa hartzen autobus elektrikoen salmenta, eta aurki bultzada handi bat izango duela uste kooperatibak, gero eta hiri handi gehiagotan diesel motorrei mugak jartzen ari dira eta.
Irizar ez da autobus elektrikoen aldeko apustua egin duen euskal enpresa bakarra. CAF ere sartu da alor horretan, Vectia markarekin, trenak egiteko teknologia baliatuta.
1889an sortua
Irizar 1889an sortu zuen Jose Antonio Irizarrek. Hasiera batean zaldi gurdientzako burdinezko zatiak egiten zituen, baina aurki hasi zen gurdigintzan. Zaldiek konbustio motorrei lekua utzi ahala aldatu zuen Irizarrek ere, eta 1929an karrozatu zuen bere lehen autobusa. 1963. urtean egin zen kooperatiba, 60 bazkiderekin. 2009an, krisi bete-betean, erabaki estrategiko bat hartu zuen: autobusen karrozeriak soilik egitetik, autobus osoak ere egitera igaro zen. Gaur egun, Ormaiztegitik ateratzen diren hiru autobusetik bat osorik han egindakoa da, DAFen motorrekin, betiere.