Kamioi gidari bat hil da Zubirin izandako istripuan

Aurten Euskal Herrian lan istripuan hildako 81. langilea da, LABek egindako zenbaketaren arabera

Erredakzioa
Iruñea
2009ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Kamioi gidari bat hil zen atzo arratsaldean Zubirin (Nafarroa), gidatzen zuen kamioiak eta auto batek aurrez aurre jo ostean. Kamioi gidaria kamioiaren barruan harrapatuta geratu zen, eta istripuaren lekuan bertan hil zen. Autoko gidaria han bertan artatu zuten, Nafarroako Gobernuak bidalitako premiazko prentsa oharraren arabera. Ez zuen zehaztu auto gidariaren zaurien larritasuna.

Istripua 16:00 aldera gertatu zen, N-135 errepidearen 19. kilometroan, Magnesitas Navarras enpresatik gertu. Hildako kamioi gidariak freskagarriak garraiatzen zituen. Foruzaingoa ari da istripua ikertzen.

Larrialdi zerbitzuak lanean aritu ziren bitartean moztu egin zuten N-135 errepidea. Ibilgailuak Magnesitas Navarras enpresaren barrutik bideratu zituzten.

Krisiaren ondorio

Aurten 81 langile hil dira lan istripuetan Euskal Herrian, iaz baino 31 gutxiago -112 izan ziren orduan-, LAB sindikatuaren datuen arabera. Azken hiru urteetako daturik onena da, 2007an 125 langile hil baitziren eta iaz, berriz, 112. Nafarroan aurten iaz baino 2.500 lan istripu gutxiago (%20) izan dira.

Sindikatuek datua ona dela onartu duten arren, salatu dute ez dela prebentzio neurrien eraginkortasunaren ondorioa, langabe kopuruaren hazkundearen eta ekonomiaren motelaldiaren eragina baizik. Gainera, azken datuen arabera, istripu larriak eta hilgarriak ez direla murriztu nabarmendu dute. Baita igo egin direla lan baldintza txarrenak dituzten sektoreetan, eraikuntzan eta zerbitzuetan batez ere.



Lan istripuak

2008 2009

Laneko gaixotasunak. 3.701. 3.201


Lan istripuak. 47.310. 36.553


. Arinak. 46.924. 36.239


. Larriak. 341. 270


. Hilgarriak. 45. 44


EAEko datuak urrira artekoak dira, eta Nafarroakoak irailera artekoak.




Hildakoak*. 112. 81


*LABen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.