Kanadari %35eko muga zerga, Trumpen azkena mehatxuz jositako aste batean

AEBetako presidenteak %15-20ko muga zerga orokor bat du buruan orain. EBk esan du negoziazioen pilota AEBen eskuetan dagoela.

Donald Trump, AEBetako presidentea. WILL OLIVER / EFE
Donald Trump, AEBetako presidentea. WILL OLIVER / EFE
Irune Lasa.
2025eko uztailaren 11
15:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Astea mehatxuka pasatu du Donald Trumpek. Japonia eta Hego Korea izan ziren lehen jomuga nabarmenak; biek, beste herrialde batzuekin batera, gutun bana jaso zuten Etxe Zuritik, esanez negoziatzeko edo bestela abuztuaren 1ean oinarrizko muga zerga orokorra ezarriko dietela, %25ekoa —egiaz ez da gutunik bidali; AEBetako presidenteak bere sare sozialean plazaratu ditu—.

Gero etorri da kobre inportazioen gaineko %50eko muga zergen mehatxua, zeinak lehengai hori garestitu duen merkatuetan, eta baita sendagaien gaineko %200ekoa ere.

Eta, beste hainbat gutunen ostean (Bosnia, Libia, Irak, Filipinak, Malaysia...), mehatxuen azken txandan daude Brasil eta Kanada. Brasili %50eko muga zergak ezarri nahi dizkio Trumpek, Jair Bolsonaro presidente ohi ultraeskuindarra epaituko dutelako kolpe militarra egiten saiatzeagatik. Kanadari, berriz, %35eko muga zergak ezarriko dizkiola esan du Trumpek, baina ez du horretarako arrazoirik eman.

Adierazpen eta mehatxuen atzean, praktikan, elkarrekiko muga zergak negoziatzeko epearen amaiera, uztailaren 9a, atzeratu egin du Trumpek, abuztuaren 1era. Ikusteko dago egun horretan benetan indarrean jarriko diren gutunetan ezarritako muga zergak.

Azken adierazpenetan, Trumpek azpimarratu du merkatuek ez dietela kontrakotasunik erakutsi bere iragarpenei. Beharbada horregatik ausartu da iragartzera hemendik aurrera ezarriko dituen oinarrizko muga zerga orokorrak %15-20 izatea pentsatzen ari dela; oraintsu arte, %10 zen zerga hori.

Europako Batasuna

Hain justu gaur, Wall Streetek zenbaki gorriekin hasi du eguna. Zaila da jakitea seinale bat ote den ala ez.

Eta zaila da jakitea, era berean, egia den ala ez Trumpek atzo iragarritakoa, hau da, AEBen eta Europako Batasunaren arteko akordio bat «gaur edo bihar» iritsiko dela. EBko iturriek gaur bertan adierazi dute pilota AEBen zelaian dagoela, eta ez dutela negoziazio bilerarik aurreikusten astebururako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.