Luzero lurmuturraren inguruan gertatu zen ezbeharra, Bizkaiko Golkoan. Bi arrantzaleen gorpuak Bizkaiko portura eraman beharrean, Santoñara eraman zituzten, senideen «sufrikarioa ez areagotzeko». Beste marinelaren hilotza itsasontziko kabina barruan aurkitu zuten Ertzaintzako Brigada Mugikorreko urpekariek, baina, itsaso txarra zegoela eta, ezin izan zuen atera. Bestalde, orduak aurrera joan ahala, beste bi marinelak bizirik aurkitzeko itxaropena gutxituz doa. Hala ere, ontzia iraultzean aire burbuila sortu izanaren hipotesia ez dute baztertu. Hala balitz, marinelak aire burbuilan babestuta egon daitezke.
Arrazoiak, argitzeke
Nuevo Pilin arrantza-ontziak izandako istripuaren arrazoiak argitzeke daude oraindik. Itsasontziak hiru urte eskas zituen, eta agiri guztiak legezkoak eta behar bezala zituen. Istripua izan eta ordu gutxira, Santoñako portuko marinelek ez zekiten zein izan litekeen ezbeharraren arrazoia: «Ez dakigu zer gertatu zaien».
Hasieran, itsasoaren egoera zakarraren ondorioz ontzia irauli egin zela uste bazuten ere, adituek esan zuten ez zela eguraldiagatik izan, eguraldia «normala» baitzen. Bestetik, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzaren aburuz, litekeena da ur gainean zebilen edukiontzi bat jo izana, ontzia pitzatu eta irauli izana. Atzo arratsaldeko bostak aldera, marinelak erreskatatzeko lanak eten zituzten Ertzaintzak eta Itsas Salbamenduko zerbitzuek. Itsasoaren egoera zakarraren beldurrez, aurrerantzeko salbamendu lanak posible izan daitezen ontzia ur gainean mantentzea lortu zuten.
«Ez naiz itsasora itzuliko!»
Celestino Sañudo arrantzaleak, lesio bat zela eta, ezin izan zuen Nuevo Pilin itsasontziko eskifaiarekin itsasoratu. Bizia salbatu zuen atzo Sañudok. Lankideen ezbeharra ikusita, ofizioa utziko duela ziurtatu zuen, itsasora ez dela bueltatuko, alegia. Era berean, Nuevo Pilin itsasontziko patroiaren semea ere ontzian lanean behar zuen, baina gaixo agiria zuen.
Santoñako Arrantzaleen Kofradian hil-beila jartzeko asmoa zuten arren, «oraindik ezin da ezer aurreratu, senideek hartu behar duten erabakia delako». Halaber, hiru eguneko dolurako deitzeko bilkura bereziak egin zituzten atzo Santoñan. Familiei elkartasuna azaldu zieten marinelek.
-
Kronologia
'carreira'
Pasaiako arrantza-ontzia Gran Solen hondoratu zen 1996ko urtarrilean, eta harekin eraman zituen hamar arrantzale. Ez da gorpurik aurkitu, eta salbamendurako flotagailu bat baizik ez dute topatu.
'marero'
Bizkaiko Golkoan zela, ekaitza batek bete-betean harrapatu zuen Marero Pasaiako arrantza- ontzia. Barruan zihoazen zortzi marinelak ito egin ziren.
'LAZCANO'
Hondarribiko ontzian leherketa bat izan zen 1999ko otsailean, eta bi arrantzale hil ziren.
'SAN ANTONIO'
Haize eta itsaso txarrak Getariako San Antonio irauli egin zuen 2002ko otsailean. Benito eta Itziar Gil aita-alabak hil ziren.