Kapitalaren %40 inguru burtsara aterako du Banca Civicak, «berehala»

Irabazien %50 gutxienez akziodunei banatuko dizkiela eta gizarte ekintzara %20 bideratuko dituela dio

joxerra senar
Iruñea
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako Kutxak «berehala» emango du pribatizaziorako lehen pausoa. Asmoa da beranduen udazkena baino lehen izatea. Banca Civica taldeko kapitalaren %25 eta %40 artean burtsan kotizatuko duela iragarri zuen atzo Enrique Goñik, talde horretako lehendakariak, baina onartu du kopurua %40tik gertuago egongo dela. Hala, Ibex-35 indizearen barruan sartzeko itxaropena du.

Banca Civica osatzen duten lau aurrezki kutxek —Nafarroako Kutxa, Caja Burgos, CajaCanarias eta, azarotik, Caja Sol— azken hilabeteetan lasterketa batean sartu dira ahalik eta diru gehien aurrezteko asmoz: industria partaidetzak saldu dituzte; alde aurreko erretiroen bidez, 1.455 langile kaleratu dituzte; 215 bulego ixteko asmoa azaldu dute; eraikinak salgai jarri dituzte... Azarotik, gainera, Espainiako Bankuaren FROB funts publikotik 977 milioi euro maileguan hartu ahal izan dituzte. Are kapital gehiago behar duenez, ordea, inbertitzaile pribatuen bila jotzeko beharrarengatik jo du burtsara.

Ondorioz, hainbat dikotomiari aurre egin beharko dio Banca Civicak. Nagusiena: nola erakarri inbertitzaileak kutxen bereizgarri den gizarte ekintzari kalte nabarmenik egin gabe. Horretarako, Goñik iragarri du irabazien %50 «gutxienez» akziodunen artean banatuko dituztela. Gainontzeko kopurutik, %30 horniduretara bideratuko dute eta beste %20a gizarte ekintzara —gizarte arloko inbertsioetarako ematen duten dirua—.

Hala ere, inbertitzaile pribatuak erakartzeko gakoa ez datza errentagarritasunaren gaineko promesetan, baizik eta egungo arriskuari aurre egiteko gai izango ote den eta behar besteko konfiantza ematen duen. Adierazgarria da AEBetako JC Flowers sozietateak udan iragarritako 450 milioi euroko inbertsioan atzera egin izana berriki. Goñik esan du JC Flowersekin hizketan ari direla eta balitekeela burtsara ateratzeko operazio horretan «interesatuta» egotea. Ramchand Bhavnani enpresaburu indiarrak ere nolabaiteko interesa agertu du, baina Goñik ez du ezer zehaztu.

Banca Civicako arduradunaknabarmendu du uneotan taldea «sendo» dagoela, eta erreserbetan 4.700 milioi euro dituztela, zalantzazko kredituen kopurua baino %30 gehiago. Goñik arrazoitu du burtsara ateratzeak kapital gehiago lortzeko eta handitzen jarraitzeko modua emango diela.

Ezker abertzaleak salatu du Nafarroako Kutxaren egungo egoera etxebizitza burbuilari lotutako gehiegikerien ondorio dela, eta Banca Civican sartzeak arrazionaltasunari baino gehiago«hazkunde artifizial bati» erantzuten diola: «Kapital bila ari dira, eta jada ez du axola nondik datorren. Europatik, AEBetatik...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.