Espainiako Gobernuak eta Europako Batzordeak baldintza bat jarri diote Kataluniako Generalitateari 5.023 milioi euroko erreskatea jasotzeko: defizit publikoaren helburuak betetzea: barne produktu gordinaren (BPG)%1,5 aurten, eta %0,7 datorren urtean.
Generalitateak atzo onartu zuen erreskatea eskatzea, baina ohartarazi zuen ez zuela «baldintza politikorik» onartuko, besteak beste «diru hori katalanek ordaintzen dutelako». Erkidegoen Likideziarako Funtsetik jasoko du dirua.
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak atzo zehaztu zuen Kataluniak defizit publikoaren helburuak betetzea dela erreskatea jasotzeko «funtsezko baldintza». Europako Batzordeak hitz gogorragoak izan zituen. «Baldintza zorrotzak» bete beharko dituela esan zuen SimonO'Connor Ekonomia bozeramaileak. Funtsak ezartzen dituenak, O'Connorrek ez zuen baldintza berririk aipatu.
De Guindosen esanetan, Kataluniak erreskatea eskatzea espero zuten, baita eskaera 5.000 milioi euro ingurukoa izatea ere. De Guindosek ez dauka zalantzarik Kataluniak «beharrezko ahalegin guztiak» egingo dituela helburuak betetzeko.
Frances Homs Generalitateko bozeramaileak argitu du ez dutela espero urtea amaitu bitartean murrizketa gehiago egitea, baina ez zuen baztertu aukera hori. Erreskatearen dirua finantza zorrak ordaintzeko da. 5.800 milioi euroko zorra ordaindu behar du urtea amaitu baino lehen. Generalitateak ez du bermatu itunpeko erakundeei garaiz ordainduko dienik zerbitzuengatik. Uztailean ez zien ordaindu, likidezia arazoengatik.
Generalitatea larri dago. Homsek atzo iragarri zuen Kataluniak «arazoak» izango dituela Erkidegoen Likideziarako Funtsa irailean abian jartzen ez bada eta Kataluniari dirua uzten ez badio: «Hilero sufritzen dugu ordainketak egiteko».
Kataluniak defizit helburuak bete beharko ditu erreskatea jasotzeko
Generalitateak esan du «arazoak» izango dituela zorrak ordaintzeko dirua irailean jasotzen ez badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu