Negozioa eta interes geoestrategikoak biltzen dira Kaspiar Itsasoan eta haren inguruetan, petrolio erreserba asko baititu. Estatu Batuek, Europako hainbat herrialdeek eta Japoniak 1.760 kilometro luzerako petroliobide bat bultzatu dute. Bakun, Azerbaijango hiriburuan, hasten da, Georgiako Tbilisi zeharkatu eta Turkiako Ceihan porturaino iristen da; hirion hasierako hizkiek ematen diote izena, BTC. Atzo inauguratu zuten, eta etorkizunean munduan kontsumitzen den petrolioaren %1 pasatuko da bide horretatik.
Ekialde Hurbileko eta Errusiako petrolio mendekotasunetik ihes egiteko eraiki dute. Nazioarteko hainbat petrolio konpainiak biltzen dituen partzuergo batek eraiki du, eta horko buru British Petroleum Erresuma Batuko multinazionala da. Guztira, 3.600 milioi euro kostatu zaie.
Estatu Batuak ere egon diraproiektuaren atzean. Hala nabarmendu zuen atzo inaugurazio hitzaldian Azerbaijango presidente Ilham Alievek: «Batzuek ez zuten sinesten proiektu hori egin zitekeenik. Batzuk egitasmoa trabatzen ahalegindu dira, baina Estatu Batuen babesari eta BPren jarduerari esker, proiektua aurrera atera da».Azerbaijan, Georgia eta Turkialotuko ditu petroliobideak. Hiru herrialdeotako presidenteek, atzo, sinbolikoki, Sangatxalgo terminaleko konportak ireki zituzten. Han zeuden, besteak beste, John Browne BPko presidentea, Samuel Bodman AEBetako Energia idazkaria eta 30 herrialdetako beste hainbat ordezkari.
Errusiaren eraginetik ihesi
Hutsune handi bat zegoen, ordea. Igor Iusufov Errusiako Nazioarteko Energia Lankidetzarako idazkariak gaixo zegoela azaldu zuen, eta ez zen agertu.Funtsean, Errusiak Kaukasoko petrolioaren gain duen erabateko kontroletik ihes egin nahi dute Estatu Batuek, eta Kaukaso Ekialde Hurbilarekiko mendekotasuna gutxituko duen gune estrategikoa bihurtu dute. «Munduko petrolio merkatuaren gaineko tentsioa arintzen lagunduko du, eta eskualdeari aurreikuspen ekonomiko berriak irekiko dizkio. Bertan interes handiak eta iraunkorrak ditugu», esan zuen atzo Samuel Boldmanek, AEBetako Energia idazkariak.
Petroliobide berria AEBen aliatu leial diren hiru herrialdetatik pasatuko da. Eta beste bat gehitu zaie: Kazakhstan. Kaspiar Itsasoaren ekialdean dagoen herrialde horretan biltzen dira eskualdeko petrolio erreserba handienak. 2015erako 150 milioi tona petrolio ekoitzi nahi ditu urtean, eta horietatik 28 milioi BTC petroliobidetik garraiatu nahi ditu. Horretarako, Aktau eta Kurlyk portutik aterako diren ontziek Kaspiar Itsasoa zeharkatu eta Baku hiriraino eramango dute petrolioa.Petrolioa merkaturatzeaz gain, Azerbaijanek hasierako ordainketak eta royalty edo eskubideak bildu ahal izango ditu. Turkiak eta Georgiak bezala. Petroliobidearen ustiapena, ordea,nazioarteko partzuergoaren esku egongo da, ordea. «Ez dut dudarik egiten Azerbaijanek eta bizilagunek erabili ahal izango dugula. Lehenik eta behin, petroliobide honek arazo ekonomikoak eta sozialak konpontzeko balioko du, baina eskualdean bakea eta segurtasuna indartzeko izango duen zeregina ere ez da txikia izango», zioen atzo Aliev Azerbaijango presidenteak.
Kaukasok petrolio asko izango du, bai, baina eremu gatazkatsua ere bada. Izan ere, petrolioak maiz bakea ekarri baino gehiago, gatazkak eragiten ditu.
Kaukasotik Turkiaraino doan petroliobide erraldoia ireki dute
BP multinazionala buru duen nazioarteko partzuergoak eraiki du, eta 3.600 milioi dolarreko kostua izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu