FINANTZAK

Kerviel espetxeratu du Frantziak

Societe Generale bankuari ia 5.000 milioi euroren galera eragin zion. 

Jerome Kerviel, Italia eta Frantzia arteko mugan. STR / EFE
Iker Aranburu.
2014ko maiatzaren 19a
08:24
Entzun

"Finantza merkatuen tiraniaren" aurka Erroma eta Paris arteko bidea hasi zuen martxoan. Ezin izan da bere helmugara iritsi, Italia eta Frantzia arteko muga gainditu bezain pronto atxilotu egin baitute. Gaua Mentongo polizia etxean igaro ondoren, Nizako espetxean sartzeko agindu du epaileak.

Joan den martxoan Kervielen hiru urteko espetxe zigorra berretsi zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak, Societe Generale (SG) bankuari iruzur egin ziolako. Hainbat urtez banku horretako broker edo finantza artekaria izan zen Kerviel bretainiarra. Operazio handietan aritu zen, eta merkatua ongi joan zen bitartean irabazi handiak ekarri zizkion bankuari. Baina 2007an burtsa erortzen hasi zenean, are apustu handiagoetan hasi zen bere galerak estaltzeko. 2008ko urtarrilaren 18an, ostiral beltza izan zuten burtsek, eta Kervielek presaka saldu zituen akzioak, Une horretan, Kervielek bankuaren 50.000 milioi euro zituen jokoan etorkizuneko merkatuetan. Apustu horietan atzera egitean 4.900 milioi euro galdu zituen Societe Generalek, baina kapital handitze baten bidez estali zuen zuloa. Kervielen abokatuak, Olivier Metznerrek, oroitarazi zuen brokerrak diru horretatik «zentimo bakar bat ere» ez zuela patrikaratu.

Bere defentsan, Kervielek justifikatu du SGk bazekiela zertan ari zen, eta ez zuela geratu irabaziak eman zizkion bitartean. Bankuak, berriz, argudiatu du Kervielek bankuaren kontrol sistemak ezagutzen zituelako izan zela gai bere operazio arriskutsuak hainbat urtez ezkutatzeko. Epaileek arrazoi eman diete bankuaren abokatuei. Lehen epaiketa batean bankuari 4.900 milioi euroren isuna ordaintzera zigortu zuten Kerviel, baina Kasazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen isun hori, eta Versaillesko Helegite Auzitegiari agindu zion beste epaiketa bat egin dezala, ardurak ongi azaltzeko.

Ikur bat

Sistemaren pagaburu ala borrero izan, krisiaren aurreko jokabideen ikurra bilakatu da Kerviel,neurrigabeko apustu eta operazio arriskutsuen bitartez bankuak kasino gisa kudeatu izan ziren garai batzuetakoak.  Azken hilabeteotan finantza erakundeen gehiegikerien aurkako ikurra ere bilakatu nahi izan du Kervielek, eta sustengu zabalak lortu ditu. 

Ezkerreko talde batzuen artean banaketa eragin du Kervielen auziak. Jean Luc Melenchon Ezkerreko Fronteko presidenteetako batek elkartasuna adierazi dio brokerrari, eta errugabe dela ziurtatu du. Bere koaliziokideak, PCF alderdi komunistako buru Pierre Laurentek, berriz, ez du bat egin jarrera horrekin: "Kerviel ez da heroi bat, sistemaren peoi bat baizik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.