Kiderrek etxean utziko ditu langileak 30 egunez, lan gutxiago dutelako

Enpresak Amurrion dituen bi lantegiri eta Barakaldon duen beste bati eragingo die erregulazio txostenak

Erredakzioa
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Kider taldeak 30 eguneko erregulazio espedientea zabaldu die langile guztiei. Ondorioz, talde horren esku dauden Amurrioko bi lantegitako (Araba) eta Barakaldoko (Bizkaia) beste bateko langileek 30 egunez etxean gelditu beharko dute irail amaiera bitartean.

Zuzendaritzak jakinarazi duenez, enpresa eta langileen batzordea ez dira akordio batera iritsi, hilabeteetako negoziazioen ondoren; eta, azkenean, langile guztiei erregulazio espediente bat irekitzea erabaki du enpresak. Neurriak 425 langileri eragingo die.

Enpresak 2009an eta 2010ean galerak izan zituen. Zuzendaritzaren esanetan, enpresaren egoera «larria» da. Krisi ekonomikoaren ondorioz, «lan gutxiago» dute, eta orain arteko baldintzetan aurrera jarraitzea «ezinezko»egin zaio.

Lantaldearen soldata kostuak murriztu nahian, langileak kaleratzeko proposamen bat egin zuen enpresak, iazko azaroan; plan sozial bat aurkeztu zien sindikatuei. Euren borondatez enpresa uzten zuten langileei lan egindako urte bakoitzeko 40 egun ordaintzea proposatu zien. Antzinatasunari zegokion beste kopuru bat jasotzeko aukera ere eskaini zien borondatez lana uzten zutenei. Hilabete eta erdian, 38 langilek enpresaren proposamena onartu eta lana utzi zuten.

Enpresak aurrera egiteko, ordea, ez dira nahikoa izan lan uzte horiek. Kiderrek industria altzariak egiten ditu, eta zuzendaritzaren arabera, egiten dituzten produktuen erosleak gutxitzen ari dira etengabe. Azaldu duenez, enpresak Europa hegoaldean du bezero gehien, eta krisiaren eraginez, bezero horiek atzeratu egin dituzte aurreikusita zeuzkaten inbertsioak. Horrez gain, nabarmendu du lehengaien eta energiaren kostua garestitzen jarraitzen dutela, eta neurriak hartu behar izan dituztela.

Gestamp-en, lanuzteak

Gestamp enpresaren barruan dauden Zamudioko eta Igorreko (Bizkaia) hiru lantegitan lanuzteak egiten hasiko dira. Hala erabaki zuten langileek, atzoko batzar orokorrean. Gestamp-eko 390 langileek uztailean eta abuztuan bi orduko lanuzteak egingo dituzte, asteartero eta ostegunero. Soldatak murriztu, eta lanorduak gehitu nahi dizkiela salatuko dute.

Azpeitiko (Gipuzkoa) Corrugados enpresako langileek, berriz, herenegun egin zuten batzar orokorrean lanuzte mugagabean jarraitzea erabaki zuten. Igandean beteko da hilabete lanuzte mugagabea hasi zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.