Bidaiaririk gabeko trenetan, hegazkinik gabeko aireportuetan eta dirurik gabeko bankuetan dirutza publikoa gastatu ondoren, beste balentria baterako prestatzen ari da Espainiako Gobernua: autorik gabeko autobideak bere gain hartuko ditu. Oraingoan, faktura 4.000 milioi euro ingurukoa izango da: 2.400 milioi, bankuekin zuten zorrarena, eta beste 1.500 milioi, ordaintzeko dauden desjabetzeengatik. 4.000 milioi ez da asko bankuen erreskateak oraingoz ekarri duen galerarekin alderatuta (36.000 milioi, FROBen arabera), baina nahikoa da Osakidetzaren urte oso bateko gastua estaltzeko.
Zama hori, gainera, funtzio sozial txikia egiten duten bide batzuen truke egingo du Espainiako Gobernuak. Bederatzi autobide dira: Madril inguruko zazpi, Alacanteko saihesbidea eta Cartagena-Vera. Autobide horiek betetzen dituzten 748 kilometroetan, gero eta gutxiago entzuten dira motorren hotsak, eta gero eta gehiago txorienak. 2007an zirkulazio aldetik goia jo zutenetik, urtetik urtera, ibilgailu gutxiagok zapaltzen dituzte. Urteko lehen bi hilabeteotan, zirkulazioaren %8 galdu dute. %53 galtzera iritsi da Madril-Toledo arteko AP-41a: egunean 643 ibilgailu igaro dira, hau da, 0,75 auto minutuko.
Autobideen porrota ulertzeko, mapa bati begiratu besterik ez dago: ordainpeko bideetatik oso gertu, doako autobiak daude. Egoera ekonomikoa hobea zenean, gidari askori ez zitzaien inporta euro batzuk uztea horrela bizkorrago joateko aukera bazuten, baina, orain, gutxiago dira luxu hori ordaintzeko prest.
Ondorioz, autobideak kudeatzen dituzten enpresek ez dituzte bete espero zituzten diru sarrerak —oso puztuta zeuden—, eta eraikitzaileei edo lurjabeei ordaintzeko eskatu zituzten maileguak ordaindu ezinean geratu dira. Banan-banan, autobideek hartzekodunen konkurtsoa eskatu dute azken hilabeteotan. Beste sektore gehienetan, zorrak ordaintzerik ez duenak ondasun horiek galduko lituzke hartzekodunen esku; kasu honetan, autobideak bankuen eskuetara igaro ziren. Baina autobideak ondasun publikoa dira, eta estatuaren babespean daude. Hau da, gauzak ongi doazenean, irabaziak autobideak kudeatzen dituzten enpresentzat dira, baina arazoak daudenean, berriz, estatuak salbatu behar ditu. Irabazien pribatizazioaren eta galeren sozializazioaren beste adibide bat.
Erantzun bat, bihar
Espainiako Sustapen Ministerioak bihar arteko epea eman die bankuei, eraikitzaileei eta autobideen kudeatzaileei bere proposamena onartzeko. Bankuek eta eraikitzaileek kobratzeke dituzten maileguen (4.400 milioi) erdiari uko egin beharko diete. Gainontzekoa 30 urteko zor bonuetan jasoko dute, urteko %1eko interesarekin, autobideek hutsik jarraitzen badute, eta gehiago (%4,3 arte) zirkulazioa suspertzen bada. Ostiralean, bideokonferentzia bat egin zuten erantzun bateratu bat prestatzeko; pentsatzekoa denez, baiezkoa emango dute, legez dagoeneko hornituak baitituzte mailegu horien erdiak. Hala ere, interesa igotzen saiatuko dira.
Hartzekodunen artean, Bankia da lehenengoa, 430 milioi euroko zorrarekin. Harritzekoa ere ez da, porrot egin duten autobide gehienak Jose Maria Aznarren garaian hasi zirelako eraikitzen, eta PPk Caja Madrid —oraingo Bankiaren osagai nagusia— nahierara baliatu zuelako bere proiektuetarako.
Bankuak baino haserreago azaldu da eraikitzaileen eta autobideen kudeatzaileen patronala, Seopan, mila milioi askoren galerengatik kexu. Lotura estua dute eraikitzaileek —ACS, OHL, Ferrovial, Sacyr...— beste aktoreekin, haiek baitira, bankuekin batera, autobideak kudeatzen dituzten enpresen —Itinere, Abertis, Cintra...— akziodun nagusiak. Nolanahi ere, eraikitzaileek arriskatu dute gutxien operazio hauetan guztietan: agindu zitzaien diruaren zatirik handiena eskuratuko dute —interes handirik ez zuen lan baten truke—, baina ez dute hartzen erantzukizun handirik porrot egiten duten kudeatzaileengatik, kasu batzuetan beren adarrak izan arren.
Kostua, ikusteko
Operazioak Bruselaren lehia agintarien galbahea igarotzen badu, eta autobideen %100 estatuaren esku geratuko den arren, Ana Pastor Sustapen ministroak ziurtatu du "espainiarrei euro bakar bat kostatuko ez zaien irtenbidea" aurkituko dutela. Luis de Guindos Ekonomia ministroak bankuen erreskatearekin baliatu zuen formula bera da, eta, noski, ez da egia. Autobideen erreskatearen azken kostua jakiteko, urteak beharko dira, baina kostua izango du: estatuak bere gain hartu du zorra eta haren interesak itzultzea, eta dirurik ez galtzeko kostu horiek guztiak estali beharko lituzkeen eskaintza bat jaso beharko luke hemendik urte batzuetara, autobideak pribatizatzen dituenean. Nekez lortuko du hori, autoen hotsek txorienak ezkutatzen ez dituzten bitartean.