Esangura zehatzik ez duen esamoldea dabil hitzetik hortzera. Ekonomiaren kimu berdeak berpizten ari omen dira. AEBetako etxebizitza datuei edo EAEko BPGren emaitzei erreparatuz (uste baino datu txarragoak bietan ere), ez dirudi horrelakorik dagoenik; baina lekuan lekuko gobernuek baikortasuna eskaini beharra dute. Munduko Bankuak ere hala iritzi dio, atzeraldiaren zatirik txarrena pasatu delakoan. Mundua zabala da, ordea, gure txokoarekin alderatuz. Ibex-35 indizea 9.300 puntuen langaz goiti joan da, eguneko unerik txarrenean ere %1 pasa igotzen ibilita. Erosleak kimu eta zenbaki berdeak sustatu zituzten ordea: Sacyr %9 pasa igo zen, eta %6na pasa Acciona, Banesto eta ArcelorMittal. Santander %3,43 igotzeak berak bakarrik, 57 puntu eman zizkion 182 puntu irabazi zituen Ibex-35i; 25 gehitu zizkion BBVAk (+%2,96). Indizearen kimuak ez dira ordea makalarenak bezala gorantz etengabe zuzenduko. Sasi itxura handiagoa izango du, bere gorabeherekin.
Bancaja eta Banco Valenciak (+%1,47) Abertisen(-%3,06) %2 saldu berri dute 173 milioian, eta, horrenbestez, 120 milioi inguruko etekina lortu dute. Saltzaileen aldetik, finantza bitartekariak izaki, berezko baliabideak indartzeko aukera eta une egokia, zalantza barik. Salduaren aldetik, 12,9 euroan saldu ziren akziook inbertsiogile handien artean, eta atzo, 13,01 euroan gelditu zen autobide kudeatzailearen akzioa. Merkatu prezioaren lapikoa, salmenta errealen sutan probatzen baita. Zenbat eta salmenta ugariagoa, prezio fidagarriagoa.
Kimu berdeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu